Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Ainara

2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Every Minute Ainara Legardon bilbotar abeslari eta bakarlari bikainaren disko berria da. Hardcore zartada gordin mingarrietatik ahots soileko pasarte inpresionista eta misteriotsuetara, Ainara bere hizkuntza artistikoaren maisu moduan azaltzen zaigu. Bere buruaz ziur, abesti sorta aparta eskaini digu oraingoan ere. Hemen aipatzeko arrazoi nahiko eta sobera bada ere, Ainara hori baino askoz gehiago da.Disko, banda eta abesti formatu klasikoetatik at, Audotalaia netlabelaren bitartez arlo ezberdinetako artisten arteko elkarlan eta inprobisazio tailerrak eragiten ari da, eta emaitza ikusgarriak lortzen, gainera. Eta agertokietatik kanpo, Otro modelo es posible. Análisis y reflexiones en torno a la gestión de derechos de propiedad…azterketa plazaratu berri du bere blogean.

Hainbeste eztabaida sortzen duen gai horretan, topiko, aurreritzi eta ondo egiaztatu gabeko informazioak erabiltzen ditugu sarritan. Azterketa horrek oso modu argi eta benetan interesgarrian azaltzen du SGAEk planteatzen duen politikari alternatibak bilatzea zergatik den beharrezkoa, eta, garrantzitsuena, nola diren posible. Ikaragarri ikasi dut hori irakurrita, eta biziki gomendatzen dut gaian interes gutxienekoa duen edozeinentzat. Oso azkar laburbiltzeko, SGAEk copyleft moduko kudeaketa nola eragozten duen eta hainbat artista txikiren bizkarrean zein modu lotsagabez aberasten den datu eta froga legalez erakusten du. Ez naiz gai hauetan oso iaioa, eta baliteke Ainarak dioena erabat zuzena ez izatea. Baina Interneten abiadura eta hedadurak erabat atomizatu duen musika merkatu berri honetan gauzak modu aske eta duinago batean egiteko aukera badagoela sinetsarazi dit. Ez da gutxi.

Egun hauetan euskal egileen jabego intelektuala kudeatzeko EKKI elkarte berria martxan jarri dela irakurri dut, eta copyleft moduko jarduerak babestuko dituela, gainera. Etorkizunean ez dago jakiterik, baina, gaur eta hemen, euskal kulturaren mikrokosmosak era honetako aterki babesle eta aldi berean sustagarri bat izatea oso berri ona iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.