Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Mitoak

2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Lagun arteko elkarrizketa batean atera zen gaia orain dela gutxi, garagardoek aurrera egin ahala. Batek esan zuen mitoak gerturatu eta erori egiten direla, xaboi burbuilak bezala, eskuarekin ukitu orduko desegin egiten direla berehala. Ez nator bat lagunaren iritziarekin edo ez behintzat erabat.

Mitoak, jenioak eta artistak, oro har, izaki konplexuak iruditzen zaizkit, hasteko egoa puztuegia baitute, edo lur jota. Beren lanarekin obsesionatuta bizi dira, beren baitara bilduak eta sorkuntzari emanak dabiltza gau eta egun. Sentiberegiak, desorekatuak dira,guztiek dute pitzaduraren bat buruan, harroegiak edoapalegiak dira, eta ez dute erdibiderik. Auzoan edukitzeko hobeak dira etxean baino, baina horrexegatik dira sortzaile, horrexegatik dira handiak.

Ez ditut gertutik asko ezagutu, tamalez, baina ezagutu ditudan ia gehienak interesgarriak iruditu izan zaizkit. Bakarren batengandik esan dezaket gertutik ezagututa maitagarriagoa egin zaidala. Oro har, nire ustez, musikari bat gertutik ezagutzeak lagundu egiten du haren lana ulertzen. Badakit egilearen eta obraren arteko harremana konplexua dela, baina gehiago begiratu beharko litzateke.

Musikak presentzia izugarria du jendearen eguneroko bizitzan, eta zer esanik ez komunikabide batzuetan, egunkarietan eta irratietan, esaterako.

EITBren telebistako programazioari begira jarrita, ordea, harrigarria eta tristea egiten zait gaur egun musikariei eta musikari zein tarte gutxi eskaintzen zaion ikustea. Ederra litzateke kamerak talde baten eta musikarien eguneroko bizitzara eta lanera gerturatzea, sorkuntza barrutik nolakoa den erakustea, lehendabiziko akordeetatik hasita abesti on bat nola jaiotzen den ikusaraztea, kontzertu baten atzetik zenbat lanordu dauden azaltzea.

Mitoak erori egiten direla horrela? Beharbada, baina musikariak eta musika gehiago maitatzen ikasiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.