Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Itzalean

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Donostiako Musikene goi mailako kontserbatoriora jazza ikastera sartu nahi duen edonork sarrera proba bat egin behar izaten du, eta, atal teorikoan, jazzaren historiari buruzko hainbat galdera erantzun behar izaten ditu. Ella Fitzgerald, Sara Vaughan eta Nina Simone abeslariak kenduta, probabilitate gutxi ditu hautagaiak emakume musikari bati buruz idazteko.

Eta instrumentuak jotzen zituzten emakumeak non zeuden, bada? Gizonen itzalean, diskurtso ofizialean sartu gabe, historian beste hainbat arlotan gertatu den bezala, baina egon bazeuden. Emakume horiek ezagutzeko oso interesgarria da The Girls in the Band (Judy Chaikin, 2011) dokumentala.

Beste askoren artean, hor agertzen da Lil Hardin, gaurdaino Louis Armstrongen itzalean geratu den musikari eta konpositore aparta. Haurra zenetik erakutsi zuen Hardinek musikarako berezko grina, igandetako mezatan organoa jotzen zuen, eta tarteka inprobisazioak egiteagatik errieta ematen zioten. Gerora, Chicagoko piano saltoki batean erosleak erakartzeko erakustaldiak egiten ibili zen lanean, eta handik Kings Oliver Creole Jazz Bandekin hasi zen jotzen. Orduan ezagutu zuen Louis Armstrong tronpetista. Hardinek berak animatu zuen Armstrong talde propioa sortzera, 1925 inguruan. Ordurako bikote ziren. Halaxe egin zen ospetsu Hot Five eta Hot Seven taldeekin Armstrong. Bietan jo zuen Hardinek pianoa, eta bietan asmatu zituen hainbat eta hainbat estandar, egun Armstrongenak direlakoan jotzen direnak. Struttin With Some Barbecue da horietako bat.

Orkestra zuzendari gisa ere egin zuen bidea. 1930eko hamarkadaren hasieran, emakumez soilik osatutako bi orkestra eta gizonezkoen beste bat zuzendu zituen. Bide horretan, International Sweethearts of Rhythm orkestra izan zen aipatzekoa. Musikari guztiak emakumeak ziren, eta Ana Mae Winburnek gidatzen zituen. Garai hartako jazz zirkuitu lokalik gehienak bisitatu zituzten, eta jarraitzaile asko izan zituzten.

Duela gutxi izan da Jazzaren Nazioarteko Eguna, eta jazzaren historian gizonen itzalean geratu diren emakume guztien omenaldi xume gisa doa zutabe hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.