Gurutzearen itzal jokoak

'Ckristopagania' erakusketa zabaldu du Jesus Mari Arruabarrenak Zarauzko Photomuseumen
Bi gizonezko, bizkarrean gurutze bana daramatela; <em>Ckristopagania</em> erakusketako irudi bat.
Bi gizonezko, bizkarrean gurutze bana daramatela; Ckristopagania erakusketako irudi bat. PHOTOMUSEUM

Gorka Erostarbe -

2017ko martxoak 16
Aretora sartu eta segituan ohartuko da ikuslea kristautasunaren gurutzeak pisu handia duela erakusketa osatzen duten hainbat eta hainbat iruditan. Dena ez da gurutze; baina itzal luzea du. Baita erakusketan ere. «Jainkotiarra eta paganoa elkarren aurkako kontzeptu eta jarrerak dira, gure gizartean maiz agertzen direnak eta isla interesgarria dutenak jai herrikoietan eta ekitaldi erlijiosoetan». Jesus Mari Arruabarrena da Zarauzko Photumuseumean (Gipuzkoa) ikusgai dagoen Ckristopagania argazki erakusketaren egilea. Honela azaltzen du erlijiotasunaren eta paganotasunaren arteko dinamika: «Sarri askotan, ideia biek ontzi komunikatu gisa funtzionatzen dute, eta batzuek uste dute adierazpen horiei eta fusio horri esker lortzen dela gizartearen oreka». Erakusketa apirilaren 9ra arte egongo da zabalik.

2002an hasi zen festa eta erritu zenbaitetako argazkiak ateratzen. «Erlijiotasunak eta errituek gure festetan duten pisua agerikoa da oraindik, nik neuk nahiko nukeena baino handiagoa». Inauteriak —Zubieta, Altsasu, Unanua, Tolosa, Bilbo...—, Aste Santuetako ospakizunak —Bilbo, Corella, Segura, Hondarribia...—, eta herrietako festak eta erromeriak —Uxue, Irunberri, Oñati, Mendigorria, Orreaga— bildu ditu 37 iruditan Arruabarrenak; gehienak Euskal Herrian ateratakoak dira, baina badira Espainiakoak —Burgos, Haro, Arnedillo, Tarazona...— eta Galiziakoak ere.

Arruabarrenak berak asmatua da Ckristopagania izenburua: «Gurutzea eta festa... biak nola lotzen diren, saltsa hori oso nabarmena da jai eta erritu horietan. Hondarribian Aste Santuan egiten duten elizkizunean erromatarrak lurrean etzanda azaltzen dira. Antzerki hutsa da. Eta alderantziz ere gertatzen da, inauterietan jendea apaizez edo mojaz mozorrotuta era transgresorean...». Planoak gurutzatu egiten dira: «Eta mezu nahasi eta iradokitzaileak eskaintzen dira, eta bigarren mailako interpretazioak sorrarazi. Hasi bizipozetik, eta plazera ere islatzen da, baina basakerian ere amaitzen da... Alderdi lurtarra, gizatasuna ageri da, baina baita zerua, santutasuna ere, eta erlijioaren alderdirik ilunena, katetik lotuta tiraka narras ari direnak...». Eta ikusleak bere interpretazioa egin dezan istorio bat kontatu nahi du egileak: «Argazkiak irudi solte modura izan beharrean, istorio bat kontatzen saiatzen naiz, narratibitate bat lantzen». Erakusketan ere istorio eta ibilbide bati jarrai lekieke, prozesio baten modura.

Muga eta Orson Welles

Duela zortzi urte utzi zion Arruabarrenak erlijiotasunaren inguruko argazki saila osatzeari. «Urte askoan egin ditut baserriari eta landa munduari lotutako argazkiak; kolektibitate txikiak erretratatu izan ditut; esaterako, kobetan bizi diren taldeak, Granadan, Espainian. Ohitura kontuak urte luzez landu izan ditut».

Mutikoa zenetik ateratzen ditu argazkiak Jesus Mari Arruabarrenak: «Hasieran, arinago aritzen nintzen neure kasa, eta pixkanaka zaletuz joan nintzen. Nahikoa autodidakta izan naiz, nahiz eta ikastaroak egin izan ditudan bai argazkilaritzaren esparruan eta bai bidegintzarenean». Gidoigintzan lan egin izan du, telebistarako saioak prestatuz, eta egun itzulpengintzan dabil lanean. «Modu horretara, denbora gehiago eskain diezaioket argazkigintzari».

Duela zortzi urte inguru, «norabide aldaketa» bat izan zuen: «Ohiturak, folklorea eta abarrak alde batera utzi, eta kontu pertsonalagoak islatzen hasi nintzen». Egun, mugaren kontzeptuaren inguruan ari da lanean. «Hegoaldearen eta iparraldearen arteko muga horretan ari naiz argazkiak ateratzen. Oso lan dokumentala da, Orson Wellesek Euskal Herrian egindako egonaldian oinarriturik». Bitartean, gurutzearen argi-itzalak utzi ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna