Arabiarren jokaldia

LPEEk ez du petrolio ekoizpena txikitu, prezio merkeagoek lehiakideak merkatutik botako dituelakoan

Iker Aranburu -

2014ko azaroak 28
Petrolioaren prezioaren gerran ezer ez eginez parte hartzea erabaki dute arabiarrek. Urre beltzaren prezioa %37 merkatu dela eta ekoizle guztien irabaziak gutxitzen? Bada, Saudi Arabiak eta haren aliatuek (Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar) itxarotea hobetsi dute, prezio txikien suak beste batzuk lehenago erreko dituelakoan. Nortzuk? Petrodolarren menpekotasun handia dutenak (Errusia) edo ustiatze teknika garestiak baliatzen dituztenak (AEBak eta Kanada). Arazoa? Joko horrek Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kide ahulenak gogor zigortzen dituela, Venezuela eta Iran bereziki.

Barealdi luze samar baten ondoren ekaitza lehertu da petrolioaren merkatuan. Duela hiru urte LPEEk bere ekoizpena 30 milioi upeletan uztea erabaki zuenetik ehun dolarren bueltan ibili da Brent upela, ekoizleen gozamenerako. Baina prezio handi horrek kartelak nahi ez zuen ondorio bat izan du: aktore gehiago sartu direla jokoan. Prezio horiekin errentagarria da petrolioa leku urrunetan ustiatzea (Errusiaren menpeko Artikoan) edo teknika erasokor eta garestiekin (fracking-a AEBetan, olio bituminosoak Kanadan). Azken urteotan, %30etik gora igo dute ekoizpena AEBek eta Kanadak, eta %20 inguru Errusiak.

Horri batuz gero krisiak Mendebaldearen petrolio egarria lehortu duela eta Asiaren hazkundea ere moteltzen hasi dela, ez dago kontsumorik azaleratzen ari den produkzio guztia irensteko. Behar baino bi milioi upel gehiago ekoizten ari dira egunero, eta horrek isla du merkatuan: ekainean 115 dolar balio zuen Brent upelak, 78 herenegun eta 72,5era jaitsi zen atzo, LPEEren erabakia jakitean.

Kartelaren egoitzan ahaztua zuten ikusmina eragin zuen atzoko bilerak, bildu ziren kazetarientzat lekurik ez uzteraino. Prezioari garrantzia kendu nahi izan zion Abdalla El-Badri LPEEko idazkari nagusiak. «Ez dugu prezio helbururik, prezio duina bilatzen ari gara», esan zuen. Prezio hori merkatuak jarriko duela espero dute, eta, garai batean behetik ibiliko den arren, berriro gora egingo duela, ekoizpen garestiek pot egin ahala, edo karteletik kanpoko produktoreek iturria ixteko ardura LPEErena soilik ez dela ulertu ahala.

Trantsizio horri eusteko arazo handirik ez dute Saudi Arabiak eta aliatuek, petrolioa basamortuko putzu oparoetatik ateratzea hamar dolar eskas kostatzen zaielako, eta beren kutxak erreserbaz beteak dituztelako. Beste kontu bat izango da itxaronaldia Venezuela, Iran edo afrikarrentzat. Baina atzokoan, petrolioaren gerra horrela jokatu behar dela konbentzituta edo ez, amore eman zuten. Hori bai, bileraren aurretik hiztun azaltzen zen Rafael Ramirez Venezuelako ministroak, adierazpenik egin gabe egin zuen alde LPEEren Vienako egoitzatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna