Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Kontxa

2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Goiz jo du iratzargailuak igandea izateko. Egun garrantzitsua da gaurkoa. Gosaldu, jantzi, motxila hartu, eta Donostiara goaz. Zortzietan geratu gara Portaletan, trainerua baskularen gainean jartzeko. 206,4 kiloko pisua eman du Maialen-ek. Betiko tabernan hartuko dugu kafea. «Nik ez dut ezer nahi» esan, eta komunera joan naiz. Urduritasuna nabari da gure artean.

Lehorrean berotzen hasi aurretik esan digu entrenatzaileak tripulazioa. Barruan nago, eta dena emateko gogoz; kanpoan geratzen direnengatik bereziki, badakit hori zer den eta. Trainerua hartu, eta uretara goaz, ez ditugu beste batzuen adinako zale sutsuak, baina entzuten dira «Aupa, Hernani!» batzuk. Uretako beroketa ederki egin dugu; badirudi nerbioak kanpoan geratu direla. Lehen txandakoak irten dira. Azken serieak bota, eta gureari ekiteko zain gaude. «Hernani, Arraun, San Juan, Deustu... ba!». Hiru palada sakon, eta hurrengo hogei azkarrak, pixkanaka gure arraunketa hartu, eta hortxe goaz. San Juanek aurrea hartu du, baina beste biekin parean goaz. Lehenengo kaletik ari gara arraunean, eta zaleen oihuak ere entzuten dira. «Oso ondo, neskak!», dio Mimik. Azkar goaz, dakigun bezala, eta ziabogaraino eutsi diogu gureari. «Ondo, Estitxu, segi holaxe», animatu dut barrutik neure burua. Ziabogan geratu egin gara ataskatuta momentu batez. Ez gatoz gurean bigarren luzean, atzean geratzen ari gara, eta horrek ez digu laguntzen buruari buelta ematen. «Minutu bat bukatzeko», dio Mimik, «Benga, Estitxu, segi, segi», dut buruan. Bukatu da, azkenak iritsi gara, ez zen hori gure helburua... sailkapeneko zortzigarrenak.

Hau ez da bukatu, beste igande bat geratzen da, eta zer garen erakusteko gogoz gaude oraindik. Gora bihotzak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.