KRITIKA. Zinema

#gertatzenarida...

Gontzal Agote.
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun

'Citizenfour'

Zuzendaria: Laura Poitras. Herrialdea: AEB. Iraupena: 124 minutu.

Eta begi bistakoa den arren, ez dugu deus jakin nahi.Horregatik, Citizenfour-ek duen baliorik handiena egoera eta momentu jakin bat bertatik bertara jaso izateko aukera da. Dokumentalaren funtzio nagusietakoa da hori; alde horretatik, lehen mailako testigantza da. Ez bakarrik gertatu den zerbait jasotzen duelako; baita gaur egun gertatzen ari den hori begi aurrean jartzeko balio duelako ere.

Lehengaia ezin hobea da, baina beste askotan ikusi dugun moduan, horrekin ez da aski film on bat egiteko. Kasu honetan, Laura Poitrasek asmatu du kontakizunari behar zuen tonua ematen, apenas protagonismorik hartu gabe —nahiko gauza ezohikoa gaur egungo dokumentalgintzan!—, eta gaiak horretarako aukera ematen zuen arren, diskurtso doktrinarioari zirrikiturik utzi gabe. Tentsioa eta erritmoa primeran dosifikatu ditu, thriller baten traza emanez berez guztiz irreala dirudien istorio bati.

Horixe baita Citizenfour-ek duen alderdirik beldurgarriena: ez duela inondik inora benetako istorio bat ematen. Aldous Huxleyk edo Philip K. Dickek irudikatu zituzten distopia horietako bat ematen du bertan kontatzen zaigunak, zientzia fikzioko pelikula bat ikusten ari garen sentipena edukitzeraino, edo dokumental faltsu bat, gehienera.

Are okerrago, filmak ez du deus berririk kontatzen; den-dena jakin bagenekien, edo jakiteko aukera izan genuen, baina aspalditik gure disko gogorretik ezabatu dugu, gure kontua izanen ez bailitzan.

Citizenfour-ek modu garden batez agerian uzten du ez dela sekula Snowden auzirik izan. Ez dela Denis Robert, Chelsea Manning, Julian Assange edo Herve Falcianiren auzirik izan. Argigarria eta kezkagarria da orain izan diren matxinadarik sonatuenak norbanakoenak izatea, afera denona den arren. Telefono bat piztean, webgune batean argitaratzean, edukiren bat konpartitzean, zerbait erosterakoan... Anaia Nagusiak ez du atsedenik hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.