Albistea entzun

Maria Jesus Izquierdo. Soziologoa

«Arauekin lotzen da aitatasuna»

Sexuaren araberako lan banaketaren inguruko ikerketa sakonak egin ditu Izquierdok. Haren esanetan, emakumeei jazartzeko baliatu izan du patriarkatuak lan banaketa hori.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Pello A. Zuazo -

2016ko martxoak 18 - Bilbo

Maria Jesus Izquierdo (1945, Benamira, Espainia) urte luzez Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Teoria Soziologikoko irakasle izandakoa da. Erretiratuta dago jadanik, baina, halere, hitzaldi zirraragarriak ematen ditu oraindik han eta hemen. Deustuko Unibertsitatean izan zen atzo, gurasotasunak aztertzeko jardunaldian.

Historikoki gizonezkoek emakumeak esplotatu dituztela diozu. Nola hautsi hori?

Emakumeek ez dute ahalegindu behar seme-alabak eta senarra kontrolatzen. Onartu egin behar dute izan nahiko luketena baino kontrol gutxiago daukatela haiengan. Senarrak emazteekin emozionalki zenbateraino inplikatuta dauden, horrek baldintzatzen du kontrol hori. Izan ere, emazteak ezer gabe gelditzen dira gizonek desiratzen ez dituzten momentuan. Emakumeek ulertzen dutenean familian botererik ez daukatela, orduantxe ulertuko dute munduan boterea izan dezaketela.

Amatasunaren eta aitatasunaren transformazio soziopolitikoa instituzioetatik abia al daiteke?

Egoeraren transformazioa ez dago instituzioen esku. Are gehiago, transformazioa instituzio patriarkalen aurka doa. Modu batean, esan daiteke emakumeen eskubideez arduratzen diren instituzioen funtzioa patriarkatuak eragiten duen presioa desagerraraztea dela. Hau da, andreen borroka gaitasunarekiko funtzio bakegilea daukate. Txarra da hori? Ez nuke halakorik esango; bestela, ondorioztatuko genuke aurkakotasunek aldaketa soziala hobetzen dutela. Ostera, aurkakotasunek aldaketak ere sortzen dituzte, gizakien sufrimenduan oinarrituta. Horrela, bada, instituzioen partetik espero da jendearen sufrimendua arintzea. Dena den, ez dute helburu hori beti lortzen. Baina, bestalde, instituzioek sufrimendua gutxitzen dutenez, jazarpenaren kontzientzia ere gutxitzen dute, eta, beraz, borrokaren beharra ere bai. Efektu bat eta haren kontrakoa daukate instituzioek.

Ba al daude emakumeen lanak eta gizonenak, oraindik?

Eredu patriarkalean, gizonezkoei merkatuarekin zerikusia duten lanbideak adjudikatzen zaizkie, eta emakumeei, zaintzarekin zerikusia dutenak. Testuinguru sozial horretan, gizakien laguntzari eta zaintzari ez zaio baliorik ematen. Zaintza maitasunarekin lotzeak eman du bidea andreek lan hori doan egiten dezaten. Eta ideia horrek oso ondo funtzionatzen du. Emakumeen jazarpena ideia horren emaitza da: ez zaio baliorik ematen lan horri; beraz, baliabide gutxi bideratzen zaizkio, eta ahalik eta merkeenak.

Umeak ere txikitatik bideratzen dira lanbide batera edo bestera?

Hezkuntzaren funtzioak ez dauka hainbesteko garrantzirik. Pertsona baten izaeraren oinarria identifikazioan dago. Hau da: neska batek panpinekin jolasten badu edo koket janzten bada, hori ez da gertatzen hala egin behar duela esaten diotelako, baizik eta bere inguruko emakumeek horrela egiten dutelako. «Nire modukoa zara, eta ni horrelakoa naiz», esaten dio bere inguruak. Hori dela eta, neska horrek emakume horien modukoa izan nahiko du. Neska batek bere amaren modukoa izan nahi izatea, paradoxikoki, amarekiko maitasunak baldintzatzen du. Bere ama maite badu, eta hark «nire modukoa zara» esaten badio, umeak imitazioz jardungo du. Horregatik diot identifikazioan dagoela gakoa. Zenbat eta ama zaintzaile hobea izan, gero eta modu eraginkorragoan transmitituko du ama horrek patriarkatua. Horixe da paradoxa.

Amaren eta aitaren funtzioak desberdinak dira umeekin?

Ez dira gauza bera; are gehiago, elkarren kontra daude. Amaren funtzioa pertsonaren inguruan zentratzen da: elikadura, osasuna, zaintza... Zainketa horrek umeengan konfiantza sortuko du amaren irudiarekin. Bestalde, amak umeari zerbait eskatzen dionean umeak kasu egiteak balio sentimendua sortzen du, bai amarengan eta bai umearengan. Besteen eskariak asebetez, norbera ere asebeteta gelditzen da. Hori da ideia. Aitzitik, aitaren funtzioa arauen onarpenean zentratzen da, arauok errespetatuz maitatua eta onartua izateko. Aiten egitekoa aurkakotasunarekin eta lehiarekin dago lotuta: arauak onartu egin behar dira, suntsitu ez zaitzaten; inork inori eraso egitea eragozten baitute arauek. Beraz, esan daiteke amatasun eta aitatasun funtzioak oso desberdinak direla, nahiz eta biak dauden lotuta umeen portaera arauak ezartzearekin.

Zure ustez, zein da gaur egungo aitatasun eredua?

Bi eredu daude. Eredu tradizionalari igogailu eredua deitzen diot: aita jainkotuak umea goratu egiten du, umea haurtzarotik ateraz. Aitak umea heldutasunera bideratzen du. Baina gaur egun zalditxo eredua jarri da modan: aita infantilizatu egiten da umearekin, harekin jolasten da. Arazoa da ez bata ez bestea ez direla eredu erabat egokiak. Aita aita da, eta umea umea, eta horrek argi gelditu behar du. Hori gertatzen ez bada, aita bat eta ume bat direla aitortzea eragozten da; hori kaltegarria da.

Esan daiteke legeek nolabait aitatasuna eta aitaren irudia ukatzen dutela?

Ez dute ukatzen, baina aitatasuna zentzu batean bakarrik hartzen dute kontuan. Familiaren baliabide hornitzaile moduan irudikatzen da aita, eta, horrela, etxera dirua eramatearen ardura bakarrik egozten zaio. Gainera, lanean gogor zigortzen da aitatasun baimen luzeak eskatzea. Baita emakumeen kasuan ere, baina gizonezkoen kasuan kostu profesional handia daukate halakoek. Bai batak eta bai besteak baimen ordainduak izan beharko lituzkete, umeak jaio osteko lehen urtean behintzat, denbora horretan umeek gurasoekiko lotura handia eratzen dutelako. Eta hori ez da gertatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Joan den urtean ere egin zituzten osasun publikoa indartzearen aldeko mobilizazoak. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko Medikuen Elkargoa urtarrilaren 23ko mobilizazioetara batu da

Jone Arruabarrena

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iganderako

Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera

Ion Orzaiz

Administrazioak «euskaldunen eskubideak urratzen» dituela salatu dute Uemak eta Behatokiak

 ©BERRIA

«Ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa bilakatu da»

Oihana Teyseyre Koskarat

Figura mediatikoa da Grimaldi. Urteetan, barnetik bizi izan du ospitale publikoaren egoera, eta argi du okerrera egin duela. Jomugan ezarri du Frantziako Gobernuaren murrizketa politika, pandemiak azaleratu dituen egiturazko arazoak salatuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.