Gemma Zabaleta. Euskaldun berria eta PSE-EEko kidea

«Aurkikuntza bat izan da euskara ikastea, eta neure nortasuna deskubritu dut»

Gemma Zabaletak oraintxe dela hiru urte utzi zuen politika aktiboa, Jaurlaritza lagatzean. 25 urte egin zituen. Orain, buru-belarri, euskara ikasten dabil. BERRIA harekin egon da, Lazkaoko barnetegian. Politika oraindik bizi duela nabari zaio.
GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2015eko abenduak 27

Gemma Zabaletaren (Donostia, 1957) gelakideak klasera sartu dira. Hura ez; BERRIArekin Lazkaoko Maizpide barnetegian daukan hitzordura etorri da. Lehen elkarrizketa luzea du euskaraz, eta pozik dago horregatik.

Noiztik zabiltza barnetegian?

Joan den abuztuan hasi nintzen, eta ikasturte osoa egingo dut, ekainera arte. Jaurlaritza utzi nuenean [2012] ekin nion euskara ikasteari. Politika aktiboa utzi eta neure ogibidera bueltatzea erabaki nuen [Donostiako Bidebietako Institutura], eta pentsatu derrigorrezkoa dudala euskara jakitea eta erabiltzea. Buru-belarri ekin nion. Profila ateratzea da nire asmoa, baina, batez ere, euskara erabiltzea.

Zer aurkitu duzu?

Altxor bat da euskara. Niretzat aurkikuntza ikaragarria izan da ikastea. Zoritxarrez, hemen, Euskal Herrian, bi kultura bizkarra emanik bizi dira: erdal eta euskal kultura. Nik orain deskubritu ditut euskal kultura, literatura, musika... dena. Aldi berean, nire nortasuna ere deskubritu dut, nolabait. Barnetegian ikasten duguna ez da soilik hizkuntza bat; Euskal Herriko nortasuna ere ikasten dugu, eta horrek izugarrizko garrantzia du. Irakasleei monumentu bat egin beharko genieke.

Zenbat erdaldun elebakarrek ez duten «altxor» horren berri...

Hala da, eta pena ematen dit zenbat jendek galtzen duen aukera hau. Aukera baliotsua galtzen ari dira gure kulturan sakontzeko. Pentsatzen dugu oso interesgarria izan daitekeela ingelesa edo alemana ikastea, baina haiek ez dira gure hizkuntzak. Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke erdaldunak euskarara ekartzeko.

«Bi kultura bizkarra emanda», esan duzu. Nork du erantzukizuna. Biek? Erdal munduak? Euskal munduak?

Erdal kulturaren pisua hain handia da, modu batean zapaldu egiten du euskal kultura. Ez dago orekarik bien artean. Gobernu denei asko kostatu izan zaie erabaki berriak hartzea edo ibilbideak aldatzea, azken batean haientzat arriskutsua izan daitekeelako, eta uste dute hobe dela gauzak gelditzea. Baina gauzak usteldu egiten dira.

Zer egin administraziotik?

Laguntza handiagoak egon beharko lirateke, diru laguntzak barne, jendeari aukera gehiago emateko euskara ikasteko. Jende asko langabezian dago, eta haiek izugarrizko ahalegina egin behar dute euskara klaseak hartzeko; administrazioak horretarako laguntza gehiago eman behar lituzke. Bestalde, euskaltegi batean bazaude, gero dena karta batera jokatzen duzu: azterketa. Orduan, ez da kontuan hartzen euskaltegian, barnetegian egindako ibilbidea, eta jendeak tentazioa izan dezake bertan behera uzteko. Euskararentzat kaltegarria da hori.

Eta komunikabideetan, lan munduan... euskara sustatzeko laguntzak nahikoak al dira?

Jarrera pertsonala garrantzitsua da euskara ikasteko eta erabiltzeko. Baina euskararen eskaintzak arlo guztietan zabalagoa izan beharko luke. Ez da nahikoa sustatzen administraziotik.

Orain hobeto edo errazago ulertzen al dituzu euskalgintzaren aldarrikapenak?

Bai, dudarik gabe.

Euskara normalizatu gabe dago administrazioan bertan ere.

Kostatzen ari da. Hemengo administrazioen lehentasuna izan behar da euskara, eta inbertsio handia egin behar da hori defenditzeko eta hori bultzatzeko. Ezinbestekoa da inbertsio ekonomikoa. Adibidez, izugarrizko ahalegina egin zen hezkuntza sistema euskalduntzea lortzeko. Orain, arlo hori euskaldunduta dago, lehen pausoa konkistatuta dago: gazteek badakite hizkuntza [euskara]. Baina zer gertatu da beste arlo batzuetan? Osasun arloan, justizian... Falta da. Beraz, zer egin behar da? Inbertsioa. Langileek euskara ikasteko behar dituzte denbora, liberazioak, tresna baliagarriak. Batik bat, osasun arloan. Izan ere, oso garrantzitsua da pertsona batek mina edo sentimendua adierazteko garaian bere hizkuntzan adieraztea.

Zergatik utzi zenuen politika aktiboa?

2009an Patxi Lopezek gobernura joateko eskatu zidanean, asko kostatu zitzaidan baietz esatea. Ia 25 urte neramatzan politikan, denetik egina nuen, eta uste nuen gazteei zegokiela txanda hartzea. Bestalde, nire ustez, hauteskundeak irabazten duenak gobernatu behar du, eta ez genituen guk irabazi; horregatik ere banuen erreparo bat gobernuan sartzeko. Baina han egonda nire ibilbide politikoa bukatzeko aukera bat neukan. Banuen betebehar moral bat ere, aurretik hainbat kargutan egona nintzelako ideia batzuk defenditzeko. Orain ETA bukatuta dago; armak ez ditu eman, baina, zorionez, argi eta garbi aro hori bukatuta dago, eta duela hiru urtekoa zen unerik egokiena neuk politika aktiboa uzteko.

Bazenituen kontraesan gehiago, ezta? Ezker abertzalearen legez kanporatzeaz baliatu zineten Jaurlaritzara iristeko, eta PPren babesarekin.

Horrela da. Con mano izquierda liburuan [2002] jada idatzi nuen ezker abertzalearen legez kanporatzea ez zela neurririk egokiena bakea lortzeko. Baina gobernuan sartzea erabaki nuenean, uste nuen osasungarria izango zela EAEn gobernatzeko beste modu bat izatea. Ordura arte EAJren gobernuak baino ez genituen ezagutu, eta aldaketa interesgarria eta baliagarria izan zitekeela nioen.

Segitzen duzu PSEkoa izaten.

Bai, militantea naiz, nahiz eta sozialista izatea ez den txartel bat edukitzea soilik. Sentimendu pertsonal bat da.

Azken udal eta foru bozetan eskaintzarik izan al zenuen PSEren zerrendetan joateko?

Ez.

Nola ikusten duzu zure alderdia?

Gustatuko litzaidake alderdi sozialista proiektu berri batekin ikustea, Euskal Herrian pentsatzen. Katalunian gustatzen zitzaidan PSC Maragallen garaikoa zen. PSOEren menpe bizi da euskal alderdi sozialista; autonomia falta dauka.

Pasqual Maragall laudatu duzu. Hark utzi zuen PSC.

Bai, eta haren jarraitzaile batzuk orain Junts Pel Sin daude.

Zuk behin ere izan al duzu PSE uzteko gogorik?

Ni beti sozialista sentituko naiz, eta ez zait bururatzen alderdia aldatzea. Hori ez. Baina nire nahia izango litzateke alderdi sozialistak beste paper bat jokatzea, eta defenditzea federalismoa, baina seriotasunarekin. Espainiako Konstituzioaren izpiritua, azken batean, federalista izan zen, baina gero erdi bidean geratu zen. Zertarako balio beharko luke konstituzioa aldatzeak? Gatazka politikoa konpontzeko; bestela, ez du merezi.

Alderdi sozialista indarra galtzen ari da Hego Euskal Herrian.

Erabat berritu behar da. Hemen bizi garenoi proiektu eta diskurtso berri bat ematea falta zaio. Errotik aldatu behar da. Ez ideologiari dagokionez, baina erantzun egokia eman behar dio gure gatazka politikoari.

Zu saiatu zinen PSE-EE aldatzen, 2002an idazkari nagusi izateko aurkeztu zinelako. %6ko babesa jaso zenuen.

Hiru gauza nagusi defenditu nituen: politika egiteko modu ezberdinak behar zirela; federalismoa, gatazka politiko denak konpontzeko; eta bake prozesua lantzea, horretarako ezinbestekotzat joz ezker abertzalearekin aritzea.

Ezkertiarren arteko itunak defenditu izan dituzu. PSEk EAJrekin berriro egin du ituna.

Antzinako errezetak erabiliz emandako erantzuna da. EAJ eta PSE aliatu izan daitezke ezohiko egoera batean; baina gaur egun? XXI. mendean etorkizunari begira zerk lotzen ditu bi alderdiak? Gobernuaren egonkortasuna aipatzen da etengabe, baina nik galdetzen dut: egonkortasuna, zertarako? Zerbait egiteko, zerbait aurreratzeko, zerbait konpontzeko beharko da, eta, orduan, konplizitatea baino gehiago behar da, eta nik uste dut hori falta dela kasu honetan. Adibidez, estatutu berria mahai gainean jartzen bada edo [Espainiako] estatua egituratzeko aukera, arazoak sortuko dira. EAJ Ibarretxeren garaian saiatu zen estatutu politiko berri bat martxan jartzen. Orain, ordea, ez dakigu zer proposamen dagoen EAJren buruan. Badakigu haren bidea ez dela Kataluniaren bera, baina ez dakigu ezer gehiago.

«Herri bat gara», dio Gure Esku Dago-k, eta idatzia duzu horrekin ados zaudela.

EAEkook geurea erabakiko dugu, nafarrek eurena eta Iparraldekoek eurena. Lehentasuna da jakitea non dagoen arazo politikoa, jakiteko gero zer egin behar dugun eta zer norabidetan jarri behar den aldaketa politikoa.

Nola konpondu arazo politikoa?

Erabakitzeko eskubidea onartuta.

Zer diozu Espainiako hauteskundeetako emaitzei buruz?

Kataluniako eta Euskal Herriko emaitzak ikusita, begi bistan da gatazka politikoa daukagula lurraldetasunaren aldetik. Panorama politikoa astintzeko garaia iritsi da Euskal Herrian; erabakitzeko eskubidea defendatzea ez da Kataluniaren kontua bakarrik. Gure ordua ailegatu da.

Ahotsak-en ibili zinen, eta hango hirugarren puntuak dio berme demokratikoak izanda eta adosturiko prozedura politikoak erabilita, gizarteak erabakitakoa errespetatu eta gauzatu behar dela. Katalunian prozedura oso-osorik bete zuten estatutu berria egitean, baina Konstituzionalak itunari lepoa moztu zion azkenean. Beraz, zein da irtenbidea?

Kataluniako bideak eta Euskal Herrikoak bera izan behar dute, eta hori da erabakitzeko eskubidea onartzea, eta gero, eskubidea gauzatzeko, akordio politikoa lortzea estatuarekin.

Baina estatuak ez badu nahi?

Katalunia hasi da estatutik deskonektatzeko prozesu berria martxan jartzen. Baina hori momentu batean, aldez edo moldez, konpondu egin behar da, eta konpondu behar da negoziazioarekin. Hori gertatu da Eskozian, hori gertatu zen Kanadan. Bide demokratikoa da. Iritsiko da.

Zer iritsi, erreferendum bat?

Bai. Orain dena nahastuta dago, baina arrazionaltasuna iritsiko da, segur aski. Espainiako panorama politikoan gero eta iritzi gehiago dago pentsatzen duena gizarteari galdetzea dela erantzunik onena gauzak bere onera eramateko.

Idatzia duzu erreferendumetan ez dutela independentistek irabazten.

Nik ez diot beldurrik independentismoari. Bozkatzeko momentu hori iristen bada, independentziaren abantailak eta desabantailak azalduko dira, eta norberak erabakiko du alde edo kontra bozkatu.

Zergatik pentsatzen duzu hobea dela Espainiako Estatuan segitzea?

Baldintzak onak badira, zergatik aldatu? Estatu federala izatea eta estatu barruko nazioak errespetatzea da baldintza onak izatea. Alemania estatu federal bat da, eta eredu bat izan daiteke.

Konponbiderako oinarriak jarrita al daude? 2006. urtea aipatu izan duzu: Ahotsak, Zapateroren adierazpena eta Loiola.

Haiek dira akordio baterako zutabeak. Loiolan daude gako nagusiak. Bueltaka aritzen gara zer egin behar den galdezka. Dena idatzita dago, dena aztertuta. Erabakiak hartu behar ditugu, ez besterik.

Gogorik ez Ahotsak-en antzeko zerbait martxan jartzeko?

Ahotsak-en idatzitakoak bere balioa du gaur ere. Horrelako mugimendu bat baliagarria litzateke euskal politika astintzeko. Begira, Jaurlaritza honen hasieran hiru ardatz zeuden: aurrerapen ekonomikoa, estatutu berria eta bakegintza. Baina legebiltzarrean bakegintzako lantaldea bertan behera utzita bezala dago, eta autogobernukoa ere, antzera. Astindu beharra dago euskal politika. Baina niri orain gehiago interesatzen zait mugimendu soziala. Batez ere, asko interesatzen zait, eta asko defenditzen dut, Gure Esku Dago .

Jesus Egigurenek esaten du: bakea hau da. Ados?

Baditugu gauzak konpontzeko. Batetik, elkarbizitzan sakondu behar dugu. Indarkeria ezberdinetako biktimek lan ikaragarria egin dute, eta eredu ontzat hartu beharko genuke. Bestetik, espetxe politika dago. Erabat onartezina da preso batzuk kartzelan bakartuta egotea, giza eskubideen urraketa bat delako. Espetxe politika honi eusteak, eta terrorismorik ez dagoenean politika antiterroristari eusteak, ez du zentzurik.

Sakabanaketa politika PSOEk jarri zuen martxan, 1989an.

Erabaki guztien atzean momentuko arrazoi batzuk daude. Orduan ETAk kartzelatan fronte bat zeukan, eta politika antiterrorista baten barruan espetxe politika mota bat jarri zuten martxan. Egon zaitezke ados ala ez, baina arrazoi bat bazegoen. Orain, ordea, ETAren terrorismoa desagertuta dago, eta espetxe politikari eusteak ez du zentzurik; gainera, onartezina da.

Arnaldo Otegi eta Rafa Diez askatzeko manifestaziora joan zinen.

Bai, aske nahi ditut, eta datorren urtarrilaren 9an, berriz, bestelako espetxe politika bat egitearen aldeko manifestaziora joango naiz. Horrez gain, uste dut ETA lehenbailehen armagabetu behar dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Nire bizitzarekin komedia egitea terapia bat da»

Jone Arruabarrena

Bartzelonan bizi den arren, edonon sentitzen da etxean otxandiarra, etxea berarekin baitarama doan lekura doala: furgoneta batean bizi da. Han egiten ditu umorezko bakarrizketak ere.
 ©BERRIA

Zentzua duten akatsak

Jakes Goikoetxea

BERRIAko kazetariek tarteka laprast egiten dute egunero-egunero idazten dituzten milaka hizki eta hitzetan. Baina, batzuetan, akatsak eta deskuiduak izanda ere, okerreko hitz horiek esanahi propioa izaten dute: adierazkorragoa, gordinagoa, umoretsua, poetikoa... 'Hiztripuak' dira.
Gaur gauean emango dute <em>Hondar ahoak</em> telesailaren laugarren eta azken atala, ETB1en. ©EITB

Ezustekoekin bukatuko da 'Hondar ahoak' telesaila, gaur

Amaia Igartua Aristondo

Denbora eta aurrekontua «murritzak» izan diren arren, emaitza «ona» izan dela dio Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.