Bakartxo Tejeria Otermin.
19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA

'Euskerabili'

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Urepeletik Bilbora burutzear den Korrikak euskara guztion ahotan jarri du. Eskuz esku aldatuz joan den lekukoak gure hizkuntzaren transmisioa irudikatu du. AEK-k 19. Korrikarako aukeratu duen leloak, Euskahaldun!, ispilu aurrean jarri gaitu euskaldunak. Begi bistan jartzen digu euskara dugun lagunok, euskaldunok, guk geuk dugula ahalmena. Euskararen ahalmenaren jabe gara eta euskara ahaldundu behar dugu.

Euskarak hiztun berriak irabazi behar ditu, hiztun jantziak, horretara zuzentzen da AEKren eta helduen euskalduntze alfabetatzean urteetan dabiltzan erakunde eta lagun guztien lana. Famili transmisioak, eskolak, helduen euskalduntze-alfabetatzeak egiten gaituzte euskaldun. Euskara ahaldun gara, beraz, baina ahalmen horren erabilerak egiten du euskara.

Bi urtean behin egiten den Korrikak gogorazten dizkigu norbanako eta gizarte moduan ditugun eginbeharrak eta erronkak, urteko 365 egunetan eta urtez urte jorratu beharrekoak. Belaunaldien arteko euskararen transmisioa ziurtatu eta gauzatu, ezagutza zabaldu eta erabilera indartu, euskara gure hizkuntza izan dadila arlo formal eta ez formaletan, horrek zor dituen erabiltzeko aukerak finkatuz eta berriak irabaziz. Horrek behar du gure konpromisoa; arlo politikoan eta pertsonalean, nirea bada.

Gurea da aukera, euskaldunok dugu ahalmena eta erabilera da gakoa, euskara erabil dezagun, euskara behar dugu, euskerabili behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.