Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Barre algara ozenen alde

Publizitatea

Kultura

Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Barre algara ozenen alde

 

2017-09-27 / Urtzi Urkizu

Barre guztiak ez dira berdinak, zinema aretoetakoak ere ez. Kontu bat da barre txiki bat egitea, eszena batean zerbait pizgarria topatu duzulako edo txinparta bat egon delako. Eta beste bat, pertsonaien gorabehera bortitz batzuekin barre algara ozenetan erotzen hastea. Erotzea, baina zentzurik onena aintzat hartuz.

Barre txiki batzuk atera zaizkigu Antonio Cuadriren Operación Concha pelikularekin. Jordi Mollak bi pertsonaia jokatzen ditu, eta haren ibilera batzuekin egin dugu irri. Baina pasatu gabe. Zinemaldiaren egunetan girotutako komedia arina da, iruzurgileen istorio bat, denbora-pasarako. Aktoreak ondo daude, baina hori da dena. Entretenimendu jostagarri bat.

Askoz ozenagoak izan dira Non filmak eragin dizkigun barre algarak eta sentipenak. Eñaut Castagnetek eta Ximun Fuchsek zuzendutako pelikula road movie faltsu bat izan daiteke, edo western sozial alternatibo bat. Diru gutxi baina ahalmen asko nabari dira ekoizpenean. Lan herrikoi bat da. Eta umore basatia tragediarekin tartekatzen ikusi dugu, Bruno pertsonaia indartsuaren begietan. Fuchsek berak jokatzen du rol hori, oholtza gainean erakutsi ohi duen trebeziaz. Gizaki bat zartatu, eta «sistemari ez» esatea erabakitzen duenan, nola eragiten dio horrek bere inguruari? Nola erantzuten dute senideek, lagunek? Istorio interesgarri bat dute kontatzen Castagnet eta Fuchs lehengusuek. Brunoren bidaian, tragediaren muturreko ibilerek erotasun puntu iradokitzailea dute. Ikuslea ere zartatzen dute, hesteetako umorearen barne sistema korapilatsu bat oihuka hasiko balitz bezala.

Jakin dugu bi lehengusuek zinemarako duten hurrengo proiektua euskaraz izango dela. Asko poztu gaitu berriak. Datozen Zinemaldietan barre algara ozenak egiten jarraitu nahi dugu eta. Euskaraz mintzatzen diren Bruno bezalakoekin bada, are hobeto.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak