Albistea entzun

'Aundiya' filma. Grabazio egun bat

Handia izan nahi duen filma ontzen

Donostiako Miramar jauregi inguruan film berria grabatzen aritu dira Jon Garaño eta Aitor Arregi zinemagileak egunotan. Oraingoz, 'Aundiya' du behin-behineko izenburu, 'Altzoko Handia' izenez XIX. mendean ezagun egin zen Migel Joakin Eleizegiren bizitzan oinarritu baitute kontakizuna.
<b>Baserria.</b> Sagardoi, Usabiaga eta beste aktore batzuk, baserri giroko eszena bat jokatzen, aurreko asteetako grabazio egun batean.
Baserria. Sagardoi, Usabiaga eta beste aktore batzuk, baserri giroko eszena bat jokatzen, aurreko asteetako grabazio egun batean. DAVID HERRANZ / EZEZAGUNA

Ainhoa Sarasola -

2016ko maiatzak 29 - Donostia

Moztu!». Eta ordura arteko isiltasuna hautsi da. Joan-etorrian eta hizketan hasi dira berriro denak. Parkeko banku batean eserita dagoen aktorearengana hurbildu dira bi zuzendariak, eta oharrak egin dizkiote eskuak jartzeko eta begiratzeko moduez. Kameraria eta zuzendari laguntzailea dituzte alboan. Hizketalditxo bat, eta sekuentzia berriro grabatzea erabaki dute. Prest daude denak: teknikariak, jantzien arduradunak, bankuaren atzeko belardian atseden hartuz bezala dauden bi figuranteak, bankuaren aurretik pasatu behar duen beste figurantea... «Isilik, mesedez!», entzun da berriro, eta zurrumurrua eten da. «Akzioa!», eta hasi da kameraria travelling eginez mugitzen, bankuaren aurretik pasatuz, alboetara hainbat lagun dituela. Minutu erdiz, isiltasunean grabatu dute eszena, eta «moztu!» entzutearekin batera, berriro hasi dira denak alde batera eta bestera. Alboko monitoreetan berrikusi dute grabatutakoa, eta egina dagoela erabaki dute. Traste guztiak jaso, eta hurrengo eszena grabatzera doa Aundiya filmaren lantaldea.

Joseba Usabiaga da aktorea, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak, eta agertokia, berriz, Donostiako Miramar jauregia. Baina filmatzen ari diren istorioan, Martin da Usabiaga, Altzoko Handia izenez ezagun egin zen Migel Joakin Eleizegiren anaia, Madrilgo parke bat Donostiakoa, eta XIX. mendera atzera egin dutela argi erakusten dute aktore eta figuranteen jantziek. Garai hartakoa baitzen Eleizegi, eta haren istorio harrigarria baita pantailara eraman nahi dutena. Altzoko (Gipuzkoa) baserri batean jaioa, 1818an, gaitz batek jo zuen 20 urterekin, eta etenik gabe hazten hasi zen, 2,42 metro luze izateraino, garai hartako Europako gizonik garaiena bilakatzeraino. Ezagun egin zuen horrek, eta kontinentean bidaiatzera eraman, baita errege-erreginen aurrera ere, erakustaldiak egiteko. Haren ibilerak eta anaiarenak kontatu nahi dituzte, besteak beste, film berrian Garañok eta Arregik. Oraingoz, Aundiya du behin-behineko izenburu, zinemagileek azaldu dutenez, hura baitzen Eleizegik erabili zuen izen komertziala-edo, hainbat agiritan jasota dagoenez. Zazpi astez ibili dira grabazio lanetan, eta datorren astean amaituko dute filmatzea. Muntaketarako eta postprodukziorako beharko den denbora kontuan hartuta, 2017ko udaberri aldera izango dute filmaren lehen bertsioa. Noiz estreinatuko duten esateko goiz da.

Mugimendu handia sumatzen zen joan den asteartean Miramar jauregiaren inguruetan. Hainbat kamioneta zuri zeuden sarreran, eta ohi baino jende gehiago atzera eta aurrera. Dozenaka laguneko lantaldeak, Garañoren eta Arregiren gidaritzapean, ingurua duela bi mendeko Madril bilakatzea zuten eguneko erronka. Horretan buru-belarri zebiltzan eguerditik. Eraikinaren atzealdeko atearen parean, XIX. mendeko jantziz betetako ibilgailuaren inguruan, hainbat lagun arropak antolatzen zebiltzan. Bertan ziren figurante batzuk ere, jantziak eskatzen eta probatzen. Ñabardura txikienak ere zaintzen zituzten arduradunek: azpiko gonak, zapatak, eskumakilak, kapelak... Guztiak bi mende atzera egiteko. Jauregi barruan, ilea apaintzeko eta makillajerako gela bat zuten atondua. Han ere lan eta lan zebiltzan lantaldekoak, ispilu luze baten aurrean ilaran jarrita, figuranteei azken ukituak ematen. Horietako batzuk zain zeuden, jada jantzita baina orraztu eta makillatu gabe. «Oraindik ez dakigu zer egin beharko dugun», zioten arropa ilun eta dotorez jantzitako bi mutilek. Figurante gisa parte hartzen duten bigarren filma zuten. Kaleko jantzita, inguruan zebilen Eneko Sagardoi ere, protagonistaren rolean ariko den aktorea. Eraikinaren korridorean aurrera eginda, beste gela handiago batean, arratsaldean grabatuko zuten eszenarako dena prestatzen zebilen beste lagun talde bat: argiak sabaitik zintzilikatzen, lanparetako bonbillak kentzen, «Irteera» zioten txartelak estaltzen... XXI. mendeko arrasto oro ezabatu nahian.

Kanpoan ere ez zeuden geldirik. Aurreko eszena grabatuta, leku beretik hurbil beste bat ari ziren prestatzen. Figurante lanetan bi neska gazte, banku batean eserita, soineko beltzak soinean eta eguzkitako aterkiak eskutan. Garaño eta Arregi hurbildu zaizkie azalpenak ematera, nora begiratu, noiz hitz egin elkarren artean... Eta haien atzean beste figurante bikote pare bat, parkean pasieran ibiltzen hasteko aginduaren zain. «Motorra!», «isilik mesedez!» edo «akzioa!», talde osoak ulertzen zituen hitz giltzarriak entzuten ziren saio bakoitzean, lanerako hizkuntza propioa balute bezala. Aurrez grabatutakoaren gisan, behar beste aldiz errepikatu zuten planoa, azalpenak tartekatuz, doikuntzak eginez... Eta «moztu!». Espero zuten emaitza lortua zegoen. Berriro dena jasotzera, bazkaltzeko tarte bat hartu aurretik zer aurreratu bazuten-eta jauregi barruan.

Kontrasteak

Irudi bitxiak utzi zituen bazkalorduak ere. Miramar jauregi kanpoan, duela bi mendeko jantzi dotoreak soinean plastikozko tuperretan ontzietatik zerbait jaten ari ziren lagunena, esaterako. Harridura aurpegiz begiratzen zieten figuranteei turista batzuek, hura zer ote zen galdetu ala ez zalantzan urruntzen zirela. Ez baita irudi ohikoena gizon trajedun bat buruan kizkurgailu koloretsuak dituela kafe bat hartzen ikustea.

Jauregi barruan zebiltzan beste asko bazkalostean; ilea apaintzeko eta makillatzeko txandaren zain figuranteak, areto handian prestatutako agertokiari azken ukituak ematen teknikariak. Lehen taldekoen artean zegoen Xabier Berzosa ekoizlea ere; figurante aritzekoa zen arratsaldeko eszenan, eta traje dotore bat jantzita, punta kizkurduneko bibote handi bat ari zitzaizkion jartzen. Hizketarako tarte bat hartu zuen, hala ere, eta azaldu finantzatzea ez dutela oraindik itxita, baina aurreikusten dutela aurrekontua 3,5 milioi eurora iritsiko dela. Orain arteko lanena baino handiagoa, nabarmen. «Aurrekoetan, 2 milioi euro izan da muga, baina aukera gehiago zegoen oraingoan, ICAAren laguntza berriekin, zergak arintzeko neurriekin... Loreak-en bultzadak ere asko lagundu digu, batez ere nazioarteko merkatuan jada aurrez saltzeko eta normalean pelikula bukatzean lortzen zenuen diru hori aurretik edukitzeko; alde handia dago, filmatzean ere sar dezakezulako diru hori». Moriarti, Irusoin eta Kowalski ekoizpen etxeak dabiltza proiektuan, eta hainbat erakundek parte hartu dute: ETB, TVE, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta ICAA.

Ohikoan baino lantalde handiagoarekin ere badabiltza: 80 bat lagun talde teknikoan, 30 aktore inguru, figurazioan ehundik gora lagun... Grabaziorako epea ere luzatu zaie; sei astean filmatu izan dituzte lanak orain arte, eta bi aste gehiago egingo dituzte oraingoan. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Durango, Baiona, Miarritze, Ezkio, Itsaso, Beizama, Altzo, Tolosa, Artikutza, Hondarribia, Irun, Zestoa, Zerain, Azpeitia, Zarautz, Zumaia... bisitatu dituzte asteotan, eta Donostian bukatuko dituzte grabazio lanak. Horretara jarri ziren astearteko bazkalostean ere.

Madrilen, XIX. mendean

Zailtasun handiagoko lana zirudien arratsaldekoak. Goizekoan ez bezala, elkarrizketak zituen eszena baten txanda zen, parte hartzaile gehiagorekin eta jauregi barruan grabatu beharrekoa. Madrilgo eliteko gizonezkoen klub bat irudikatu behar zuten; han biltzen zirenei erraldoia aurkeztu behar zieten Arzadun izeneko enpresariak —Iñigo Aranburuk jokatzen rol hori— eta Martin anaiak, erakustaldi baten bidez. Borobilean jarrita, bi dozena aktore eta estra, dotore jantzita denak, eserita batzuk eta zutik besteak. Eta erdian, Arzadun, aitorrezinak diren trikimailuen bidez erraldoi bihurtuko duten Sagardoirekin batera. Inguruan, lantaldeko dozena bat kide, bakoitza berean, baina elkarrekin lanean. Orotara, 50 bat lagun aretoan.

Garañok hartu zuen hitza, figuranteei eszena azaltzeko. Argiago ikusteko, entsegu bat ere egin zuten aktoreek, eta beste bat ondoren, Arregik azalpen gehiago tartekatzen zituela: noiz egin behar zuten barre, noiz elkarri zerbait esan, zein jarrera hartu... Filmatutako entsegu bat jarraian, dena are garbiago geratzeko. Zigarroak piztu zituzten orduan gizon dotoreek, eta isiltasuna egin zen ke artean. Klaketa, eta «akzioa!».

Hainbat aldiz errepikatu zuten ariketa, gero eta zehaztasun handiagoz: lagun bakoitzaren kokapena, figuranteen parte hartzea, kamerariaren ibilbidea eta zeregina... Eszena behin eta berriro egin ahala, aldaketa txikiak sartuz joan ziren bi zuzendariak, lantaldeko kideen laguntzarekin une oro. Dena beste behin errepikatu zuten oraindik. Monitoreetan azken saioaren emaitza berrikusi zuten gero, eta «egina dago!» erabaki. Gelatik atera ziren batzuk, atseden apur bat hartzera, baina lanak ez zeuden bukatuta, inondik ere ez.

Bizpahiru minutuko plano orokor hori filmatzen ordu eta erdi inguru emango zuten gutxi gorabehera, eta eszena bereko gertuko plano zehatzagoak grabatzen hastekoak ziren arratsalde erdialdera. Gauak harrapatuko zituen bukatzerako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du Berpiztu lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak parte hartu du argitalpenaren aurkezpenean.

 ©Joanes Etxebarria

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.