Albistea entzun

Galtzaileez eta irabazleez harago

Munduko bideo joko eta entretenimendu elektronikoaren erakustazokarik handiena egiten ari dira Los Angelesen. Konpainia handiek gailuak eta jokoak aurkeztu dituzte, baina lekua egon da estudio txiki independenteentzat ere.
Bi jokalari, Sony etxearen PlayStation VR kaskoarekin jolasten, Los Angelesko E3 erakustazokan. PS4 kontsolarekin erabiltzen da, eta 299 dolarrean jarriko dute salgai urrian.
Bi jokalari, Sony etxearen PlayStation VR kaskoarekin jolasten, Los Angelesko E3 erakustazokan. PS4 kontsolarekin erabiltzen da, eta 299 dolarrean jarriko dute salgai urrian. MIKE NELSON / EFE

Edu Lartzanguren -

2016ko ekainak 16

Errealitate birtualeko betaurrekoak buruan, Naughty America bideo erotikoen zerbitzuaren txokoan dago gizon bat, berak bakarrik ikusten duen horretan murgilduta. Nork mugitzen du diru gehiago urtean pornografiaren, zinemaren ala bideo jokoen industriak? Gero eta zailagoa da galdera erantzutea, gero eta nahastuago baitaude negozioak. Ez da kasualitatea bideo jokoen industriako profesionalak elkartzeko planetako feriarik handiena Los Angelesen egitea. Asteartean hasi zen, eta gaur amaituko da E3 entretenimendu elektronikoaren erakusketa. Berrikuntzak aurkezteko eta datozen hilabeteetako promesak plazaratzeko erabili dute, urtero bezala, konpainia handiek eta independenteek.

Lehia estua dago milaka milioiko merkatuan, eta jendea berehala hasi da galdetzen aurtengo E3 erakustazokan nor izan den irabazlea eta nor galtzailea. Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitateko Iker Ibargurenek argi du: «Galtzaile bat izan bada, Nintendo izan daitekeela ondoriozta daiteke, bi joko erakutsi baititu soilik». The Legend of Zelda; Breath of the Wild eta Pokemon Sun / Moon horiekin ez ditu zaleak asebete Kyotoko (Japonia) etxeak. Microsoftek, berriz, ahalegin handia egin du: Xbox One S kontsola aurkeztu du, jatorrikoa baino txikiagoa eta bideoa 4k kalitatean erakuts dezakeena. Abuztuan jarriko dute salgai, merkeena 299 dolarrean (354 euro). Horrez gain, Project Scorpio gailua iragarri du datorren urtearen amaierarako. «Inoizko kontsolarik indartsuena izango da», esan zuen Xboxen arduradun Phil Spencerrek Los Angelesen. Horrez gain, joko asko aurkeztu ditu Microsoftek, tartean, Sea of Thieves eta Gears of War 4.

Halere, garaile nagusia Sony izan dela uste du Ibargurenek. Gailu bakarra iragarri du Tokioko konpainiak: PlayStation VR errealitate birtualeko kaskoa. Urrian merkaturatuko du, 399 dolarretik (354 euro) aurrera, eta 50 joko izango ditu prest urtea amaitzerako. Horrez gain, PlayStation 4rako joko ugari iragarri ditu Sonyk. God of War klasikoa berpiztuko du, askotan atzeraturiko The Last Guardian argitaratuko du azkenik eta Konami konpainia utzi duen Hideo Kojimaren Death Stranding jokoa erakutsi du. Erakutsi bai, baina Hollywooden estiloan, jokoaren trailer baten bidez, ez jokoaren barruko irudiekin. «Aurtengo E3 jaialdiak espero zena baino gutxiago erakutsi du», esan du Ibargurenek.

Irabazle eta galtzaile eskemetatik urrundu da, ordea, Iban Lantxo; Ibargurenen kidea da Game Erantsia komunitatean. «Enpresa bakoitzak bere estrategia du, eta guztiek ez dute zertan liga berean jokatu». Nintendoren kasua horren adibide gisa jarri du. «Soilik epe luzerako salmentek eta merkatu kuotek adieraziko digute benetan plangintza ona edo txarra izan duten». Lantxok ez du argi ikusten Sonyk PlayStation VR errealitate birtualerako kaskoen alde eginiko apustua: «Garestiegia da 'periferiko' baterako». Horrez gain, arriskua dute boladaz pasatzeko, mugimendu bidez kontrolatutako jokoak ?Wii, Kinect...? eta hiru dimentsioko irudiak bezala. Edonola ere, errealitate birtualak arrakasta izanez gero, «jokatzeko modu berriak eta epe luzerako interesgarriak» ekarriko dituelakoan dago.

Xbox beti atzetik?

E3 erakustazokak beste behin erakutsi du Sonyren PlayStation prest dagoela datozen hilabeteetan Microsoften Xbox sistemaren oso aurretik joaten jarraitzeko. Kondenaturik daude betirako Sonyren atzetik joaten?

Ibargurenen arabera, Microsoftek «oso ideia interesgarriak» aurkeztu ditu azokan, eta «bide propioa eraikitzen» ari da. Munduan saltzen den Xbox bakoitzeko, bi PlayStation saltzen dira. Horregatik, Microsoftek Xbox marka indartzen saiatzen ari da, besteak beste, E3an iragarritako bi kontsola berriekin.

Baina erraldoien lehiaz harago, hedabideen izenburuak okupatzen ez dituzten bideo joko independenteen mundua dago. Estudio independenteek «inoiz baino indartsuago» daudela uste du Lantxok. Gaur amaituko den E3 erakustazokan joko independente asko aurkeztu dira. We Happy Few eta Cuphead aipatu ditu jokozaleak. The Culling goraipatu dute azokako bisitariek. Bizirik irauteko jokoa da, estudio independenteen jarduera bezala, bideo jokoen mundu gogorrean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Loratzen jarraitzeko

Edurne Begiristain

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Amaia Igartua Aristondo

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».
 ©BERRIA

Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...