Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdiak. ANALISIA

Udazkeneko hitzordurako joera

Enekoitz Esnaola -

2016ko ekainak 19
EAEn, 1977tik aurrerako hauteskundeetan, nagusi azaldu izan da EAJ. Baina, tarteka, sufritu izan du, batez ere Espainiako Kongresurako bozetan, era batera edo bestera —edo bietara— sei aldiz ez baita aurrena geratu: 1986an, PSOEk EAJk baino diputatu bat gehiago lortu zuen —baina jeltzaleek, 16.000 boto gehiago—; 1989an ere, PSOEk diputatu bat gehiago —jeltzaleek, 18.000 boto gehiago—; 1993an, PSOEk bi diputatu eta 5.000 boto gehiago; 2008an, PSOEk hiru diputatu eta 124.000 boto gehiago; 2011n, Amaiurrek diputatu bat gehiago —EAJk, 39.000 botoren aldea—; eta 2015ean, Ahal Dugu-k 15.000 boto gehiago —jeltzaleek, diputatu baten aldea—. 1986ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan ere PSE nagusitu egin zitzaion, aulkiei dagokienez: 19, eta EAJk, 17 —baina horrek 19.000 boto gehiago—. 1987an, Europakoetan, HBk 2.000 botoren aldea atera zion. Okerren, beraz, 1980ko hamarkadaren bigarren partean egon da EAJ; batik bat, 1986an, eta arrazoi nagusia alderdiaren krisia izan zen, erkidegoko bozetan aurkeztu zelako EA, eta laugarren geratu (%15).

Sabin Etxean jakin edo asmatu izan dute ezbeharretatik osatzen. Hor daude emaitzak, hor ibilbideak. Ezker abertzale ofizialaren erabateko legez kanporatze garaian salbu (2009-2012), Jaurlaritzako lehendakaritzan, beti EAJ.

Baina, orain, urte erdi batean, EAJk berriro gal ditzake hauteskunde batzuk bere erkidegoan; oraingoan, diputatuetan eta botoetan. Zabaldu diren inkestek diote gaur zortzi Kongresurako bozetan EAEn Ahal Dugu izango dela gailen —Nafarroan ere hala jotzen dute—; jendaurrean zabaldu gabeko inkesta batzuek alde handiagoa ematen diote, gainera. Espainiako hauteskundeak dira —EAJ, normalki, haietan egoten da larrien—; estatuan, Podemosek olatu gainean segitzen du —oraingoan, IUrekin ere badoa, gainera—; baina sei hilabetera EAEn berriro Ahal Dugu nagusitzeak joera bat adieraz dezake bertako hurrengo hauteskundeetarako. Eta hurrengoak laster izango dira erkidegoan: udazkenean, Eusko Legebiltzarrerakoak. EAJren hitzordu nagusia da hori, baina alderdi krisiaz geroztik botere instituzional handiena duen honetan Kongresurako bozetan berriro galtzea emaitza koiunturala baino gehiago da.

Horrek ez du esan nahi udazkenekoak galdu egingo dituenik. Berez, arrunt hauteskunde desberdinak dira, eta EAJk badu tradizio bat. Baina indartsu sartuko da Ahal Dugu, eta EH Bilduren Otegi efektua ere kontatu behar da. Ikusiko da zer batura egin ahalko diren, eta EAJren egungo bazkide PSE-EE Espainiako emaitzek abaildua denentz. Oraingoz, gaur zortzikoari begiratu beharko, garrantzia udazkenekoek dutela kontuan hartuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna