Albistea entzun

UDAKO SAILA. Euskal Herriko bazter historikoak (IV). Lantziegoko teileria

Lantziegoko teilagin bidea

<b>1. Bisita. </b>Binasperi herrian geldialditxo bat egingo dugu teileria bisitatu aurretik.
1. Bisita. Binasperi herrian geldialditxo bat egingo dugu teileria bisitatu aurretik. Joxean Gil-Garcia

Joxean Gil-Garcia -

2015eko uztailak 24

XVIII. mendeko teila fabrika bat zaharberritu dute oraintsu Arabako Errioxako Lantziego herriko hego-ekialdean. Terreros izena hartzen duen paraje gorabeheratsuan egin dute. Atontze lanak amaitu ostean, denon gozamenerako utzi dute eraikin ederra, hots, behiala berebiziko garrantzia izan zuen egitura aparta. Lantziegotik hurbil badago ere, inguruko bazterrak ongi baino hobeto ezagutu behar dira hara iristeko. Izan ere, teileria hori bezalako guztiak mendian altxatuak izaten ziren, ura eta lur mota egokia zeuden parajeetan. Teilen eta adreiluen beharra handia zeneko garaian, hiribildu bakoitzak bere fabrika propioa izateko ahaleginak egin behar izaten zituen. Batzuetan, hori posible ez zenez, hainbat hiribildu edota herrixkaren artean erabili behar izaten zuten lantegia. Kripan ondoko San Jorge zeritzana, esaterako, Lantziego eta Binasperi herriek erabili zuten denbora batez.

Lantziegoko fabrika

Produkzioa egiteko modua sinplea zen: tokian tokiko kontseiluek produktu kopurua, prezioak eta erosleak kontrolatzen zituztenez, teilagin trebeak aukeratu ohi zituzten eskualdean, urrutira jo gabe. Hori posible ez zenean, eskualdetik at bilatzen zituzten; Nafarroan, Gipuzkoan eta Iparraldean, leku askoren artean. Tokian tokiko buztina hartuta, zamarien bidez biltegiraino garraiatu, eta, lehengaia larrainean garbitu ondoren, uretan sartzen zuten. Segidan, modelatzeko prozesua etortzen zen. Horretako, zurezko zein burdinazko moldeak erabiltzen zituzten. Azkenik, adreiluak eta teilak labean sartu, eta egoste prozesua hasten zuten, materialak apaletan ongi ordenatuta.

Lantziegoko fabrikak ongi funtzionatu zuen 1788tik 1807ra arte, adituek ziurtatu dutenez. XIX. mendeak aurrera egin ahala, ordea, teileriaren ondoko etxola bestelako funtzio bat betetzen hasi zen. XX. mendea hasteaz batera, produkziorik ez zen jaso Terreroskoan, eta fabrika abandonatu egin zuten.

Binasperira bidean

Terrerosko teileria ezagutzeko, Lantziegoko eskolaren aurrean hasiko gara. Haren eskuinetik gora egingo dugu, Larrineta kaletik. Aldatsa amaituta, Lapoblacion mendi aldera begira jarriko gaitu bideak. Errepidera iristean, ezkerrera egin, eta asfaltoaren alboan 50 metro inguru egin ostean, eskuinaldean ikusiko dugun nekazari bidean aurrera egingo dugu. Legarrez osaturiko bideari jarraituko diogu, eta, noranzkoari muzin egin gabe, Binasperira doan errepidera irtengo gara. Asfaltoan gora eginda, 79. mugarria igaro eta metro batzuk aurrerago, ezkerrera jo eta Toloño mendilerroari begira jarriko gara.

Maldan gora hasi eta berehala, bideak bihurgune bat egiten duenean, 180 graduko bira eginda, Binasperira joko dugu. Herriko latsarria ikusiko dugu Bao errekastoaren alboan, harriz egina eta sastrakek erabat janda. Herriaren atarian, 80. mugarriaren aurrean, eskuineko kaletik jarraitu eta Lugar deritzan iturri zaharra bisitatuko dugu. Arabako lurraldean ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan zaharrenetakoa da, Labraza eta Ekorako iturriekin batera. Lau platanondok babesten dute ninfa iturria, eta atseden hartzeko leku aproposa da.

Terrerosko eraikinak

Iturria eta herria atzean utzita, aurrera jarraituko dugu arbolak, arrosak, intxaurrondoak, makalak eta almendrondoak gogaide. Robles izena daraman iturrira iritsiko gara laster. Gero, Vallarmen erreka gurutzatu, eta, aldamenean baratzeak, intxaurrondoak eta arte xumeak ditugula, Lantziegoko errotaren ondotik igaroko gara. Bidebanatze baten aurrean izango gara segituan. Goraxeago doan asfaltoa utzita, pitin bat beherago doan nekazari bidetik jarraituko dugu. Errekastoaren paraleloan gabiltza orain, hego-mendebalderantz. Zehar-zehar minutu batzuk emango ditugu, gorabeherarik gabe. Harea ateratzeko toki batera helduta, sestra-kurbari men egiten dion bideari jarraituko diogu. Lasaitasun handiz jarraituko dugu, harik eta bide zabala amaitzen den arte. Orduan, Castillejos urmaeletik jaisten den ur emaria bistan dela, ubidearen albotik jaisten hasiko gara; 100 metro inguru, besterik ez. Gero, ezkerraldera igaro eta Lantziegoko teileriara iritsiko gara, hurbil dago eta.

Teileria eta biltegia ikusiko ditugu han. Teileriak bi arku puntadun ditu. Arkuok bidea ematen diete adreiluz egindako ganga galeria bitxi batzuei. Arku lerrokada horren gainean, egosteko lekua dago, eta gainaldean atondutako balkoitik ondo ikusiko dugu.

Eraikin bitxiak bisitatu ondoren, bidean aurrera egingo dugu. Horretarako, eraikinak eskuinean utzi eta bide nagusitik jarraituko dugu, zehar-zehar, asfaltozko bide batera irten arte. Eskuinera okertu, eta ibarrean behera egingo dugu orduan. Valdelahijako zubia igaro ostean, maldan gora abiatu eta errepidera irtengo gara. Tentu handiz errepidea gurutzatuta, eta minutu batzuk gozo-gozo eman ostean, Cuevas izeneko ibarrarekin bat egingo dugu. Ibarreko zubia gurutzatuta, azken ahalegina egingo dugu herrira iristeko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.
Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.
 ©TAMARA ARRANZ

Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Mikel Yarza Artola

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...