Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Kalean: erien ondo-ondoan

Publizitatea

Gizartea

Etxegabeak. Osasuna

Kalean: erien ondo-ondoan

Bilbon Osakidetzak badu kale gorrian bizi den jendeari buruko osasun arta emateko zerbitzu bat; hamar urte daramatzate lanean, eta 170 buruko eri larriri eman diete ordutik laguntza.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2015-12-06 / Arantxa Iraola

Bestearengana egindako hurbilketa ez-inbaditzaile bat da». Oso garrantzitsua da Mariasun Garai Arostegi psikologoarentzat asertibotasuna hitza taxuz definitzea. Izan ere, kalean bizi diren buruko gaixoak artatzeko Osakidetzak Bilbon martxan duen zerbitzuaren ardatzetako bat horixe da. Eta inoiz ezin dute ahaztu. Zerbitzuko zuzendaria da Garai; lantaldeko kide dira Iraia Orcera Zuloaga gizarte laguntzailea, Ana Maria Peña Garcia erizaina eta Ruben De Pedro Ullate psikiatra ere. Osasun sistemaren edo etxegabeekin lanean diharduten beste erakundeen bidez izaten dute, normalean, pazienteen berri. Eta haiexek dauden tokira joaten dira. Aterpetxe, etxegabeentzako jantoki, edo zubipe: berdin da. «Pazientearen denborak eta espazioak errespetatzen ditugu; eraman handikoak gara haren helburuekin eta erritmoekin», azaldu du Garaik. Lanak fruituak ematen ditu. 2010etik ari dira egungo antolaketarekin lanean, baina, guztira, hamar urte daramatzate. Urteotan 170 lagun artatu dituzte; buruko eri larriak guztiak, eta buruko osasun sisteman lehendik artatu gabeak horietako asko.

Abisuak jasotakoan tokian bertan «lehen kontaktua» egiten duena psikiatra izaten da, De Pedro. Zer arazo izan dezaketen argitzen saiatzen da: presarik gabe. «Urteak behar dira zenbaitetan haiek gurera ekartzeko». Buruko nahasmenduen artari zuzenean ekin beharrean ?«askok ez dute gaitzaren kontzientziarik»?, izan ditzaketen beste hainbat oinazeri erreparatzen diete usu aurrena. «Askotan arta fisikoaren bidez egiten dugu lehen kontaktua», azaldu du Garaik. Adibide bat jarri dute: oinetako mina. «Askotan oinak txikituak izaten dituzte: zauriz beteta». Eta zerbitzuak Begoñan duen egoitzarako lehen bisitaldien motiboa erizainak oinetan egiten dizkien sendaketak izaten dira askorentzat. Apurka, buruko gaitzak ere tratatzen hasten dira, eta horietan hobera egiten hasi ahala, teilatupe batera erakartzen ere ahalegintzen dira. Haien erritmora: behartu gabe. «Haiexek dira protagonistak; bidea errazten diegu».

Kontsultarako ordua

Galdutakoa berreskuratzen laguntzen diete. «Izan ere, zaurgarrietan zaurgarrienak dira», nabarmendu du Peñak. «Pertsona gabetuak dira; etxerik gabeak, teilatuperik gabeak, adiskiderik gabeak, duintasunik gabeak, esperantzarik gabeak, osasunik gabeak....». Izaten duten hondatze fisikoak ez du batere laguntzen. Garaik adierazi du, hainbat estatistikaren arabera, buruko gaixoek batez beste hamar urte gutxiagoko bizi itxaropena izaten dutela gainerako herritarrena baino. «Kalean bizi direnei beste hogei kendu behar zaizkie».

Hori ez da, ordea, presarako motibo izaten lantaldearentzat. «Arauetara ohitu gabeko pertsonak dira askotan. Horiek toki itxi batean sartzea ez da erraza; poliki arauak barneratzen joatea izaten da gure lehen helburua sarri», azaldu du Garaik. «Epe luzerako prozesuak izaten dira. Urteak pasatu eta balorazioa egitean, orduan ikusten duzu egindako lana». Kontsultetara eta sendaketetara joateko pazienteei jartzen dizkieten ordutegietan, esaterako, ez dira batere zurrunak izaten. Malgutasuna da gakoa.

Artatzen dituzten pazienteen %80 gizonak dira, eta 43 urteko batez besteko adina dute. Bi muturretan pilatzen dira, batez ere: kalean urte asko daramatzatenak dira asko, diagnostiko larridunak. Beste muturrean gazteak daude, gehienetan etorkinak; horiek normalean eritasunaren lehen agerraldietan egoten dira, eta garaiz tratatuta, pronostikoa hobea da. «Emakumeak oso gutxi dira, baina zinetan zaurgarriak; gehienek abusuren bat jasan dute, eta tratatzeko patologia zailak izaten dituzte sarritan, inoiz ere tratatu gabeak. Askotan, gainera, seme-alabak galdu dituzte, eta horrek zaildu egiten du egoera», azaldu du Garaik. Paziente gehienak, oro har, egoera «traumatikoak»bizitakoak dira, eta gaitzaren biktima: «Buruko eritasuna erabakigarria da pertsona bat kalean geratzeko prozesuan». Mendekotasunak ere usu ikusten dituzte: alkoholarena eta kalamuarena, bereziki. «Arloko eragileekin harremanetan jartzen gara halakoetan, metadonaren zerbitzuan-eta sar daitezen».

Gizarte zerbitzuen egitekoa

Helburu nagusia pazienteak gaitzaz jabetzen lagundu eta botikak hartzen hastea izaten da. Hortik aurrera, gizartean aurrera egiteko abilidadeak eta tresnak ematen saiatzen dira. Paperik gabeak dira artatzen dituzten asko; zaildu egiten du horrek bidea. «Hirugarren sektoreko eragileekin hitz egiten dugu; CEARekin, Caritasekin eta abar, eta laguntzen saiatzen gara», azaldu du Orcerak. Buruko gaixo larriak dira, eta laguntza behar dute bidean pauso irmoak emateko. «Aukera izanda ere, askotan laguntzak lortu gabe gera daitezke baldin eta bidean ez badute norbait laguntzeko».

Bakardadea da beste zama bat. «Edo familiarik ez dute, edo urrun dute. Bakarrik dauden pertsonak dira», azaldu du Garaik:«Eta gutxik lortzen dute familiarengana itzultzea; gazteenek, horiexek lortzen dute zenbaitetan, baina gutxitan». Aldaketa ikusi dute, hala ere, urteotan. Onerako: «Buruko gaixotasunen ondorioz etxegabe egin direnen kasuak urritzen ari dira azkenaldian». Gaitza lehen agerraldietan ?gaztaroaren hasieran izaten da gehienetan? atzemateko orduan osasun sistema gero eta finago ari dela uste dute.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak