Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Ardura hartzeko prest gaude

Ion Izagirre - Movistarreko txirrindularia

2015eko apirilak 5
Hastera doa, berriz ere, etxeko lasterketa. Bigarren urtea izango dugu Movistarrekin, eta, 2014an bezala, Euskal Herriko Itzulia irabazteko taldeburu argi bat daukagu aurten ere: Nairo Quintana. Tirreno-Adriatikoan eman zuen erakustaldiaren ondoren, argi geratu da oso indartsu dagoela, eta irabazteko faborito argietako bat bera izango dela. Talde indartsua dauka ondoan, eta saiatuko gara txukun lan egiten. Ez da erraza izaten etxean irabaztea, baina helburu hori daukagu. Argi daukagu gure gain egongo dela lasterketaren pisu guztia. Tirreno irabaztetik gatoz, eta guri begira egongo dira denak. Baina ez gara ezkutatuko, ez delako probari horrela ekingo diogun lehen aldia. Ea iaz Valverderekin lortu ez genuena lortzen dugun aurten Quintanarekin.

Ikusi egin beharko da gainerakoak nola dauden, baina, begira jarrita, talde indartsua dauka, adibidez, Skyk, eta Kwiatkowski ere oso indartsu dabil denboraldi hasiera honetan. Igoera gehienak ez dira oso luzeak, eta beretzat oso egokia da ibilbidea. Aurrean ibiliko da, ziur, eta erlojupeko onak egin zalea denez, kontuz ibili beharko dugu berekin. Van Garderen, Peraud, Pinot, Mollema, Talansky, Slagter... World Tourreko proba da, eta horrelakoetan talde guztiek pare bat taldeburu on edukitzen dituzte beti. Tira, guk izan ezik, guk Nairo baitaukagu!

Ibilbideari dagokionez, oso gogorra da aurtengoa ere, baina ez nau askorik harritu. Euskal Herriko Itzulian beti izaten dira amaierako aldapa motz eta pikoak, eta aurten ere aurkitu dituzte asfaltatzeko baserri bide dotoreak. Iaz alde handiak izan ziren lehen etapan, Ordizian, eta aurten ikusi egin beharko da Gangurengo igoera bikoitzak zenbateko triskantza eragiten duen Bilbora bidean. Ziur nago aurrean ez dela oso talde handia iritsiko. Zumarraga, Arrate eta Aiarekin, berriz, ikusgarria izango da astea.

Puntu-puntuan iritsiko naiz ni, baina Gante Wevelgem klasikoan erorita, anaiak pitzadura txiki bat izan du sorbaldan. Ikusi egin beharko da zer moduz dagoen, baina uste baino hobeto ari da entrenatzen, eta ea ba maila ona emateko gai den. Zaleei buruz, berriz, zer esan... Eurek ere ikuskizun handia eskainiko dute bide bazterretan. Ziur!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna