Albistea entzun

Fidel Castroren heriotza. Soslaia

Historiak altzoan hartu du

Pertsonaia politiko gehienak ulertzeko, euren garaia hartu behar da aintzat. Beste batzuk, aldiz, ezinbestekoak dira historia bera ulertzeko. Halako zerbait gertatzen zaio Fidel Castrori: nekez kontatu ahal izango da XX. mendea haren izena aipatu gabe.
ALEJANDRO ERNESTO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Samara Velte -

2016ko azaroak 27

Azaroaren 25 batean abiatu zen Granma izeneko itsasontzi beteegi bat Tuxpango portutik (Mexiko) Kariben barrena. Aisialdiko bidaietarako iot txikiak 82 gerrillari zeramatzan, Kuban Fulgencio Batista diktadorea agintetik kentzeko asmo sendoarekin. Haien artean zeuden Ernesto Guevara Che argentinarra, eta Castro abizeneko bi anaia gazte: Raul, 24 urteko komunista, eta Fidel, 30eko abokatu bizardun luzanga. Irla zapaldu zutenerako, bidean zen Kubako iraultza.

1956ko azaroaren 25 hartatik hirurogei urte zehatz igaro diren egunean, itzali egin da Fidel Castro (Biran, 1926 - Habana, 2016). Raul anaiak, Kubako egungo presidenteak eman du heriotzaren berri: «Min sakonarekin jakinarazi nahi diot gure herriari gaur, 2016ko azaroaren 25ean, gaueko 10:29an hil dela Kubako iraultzaren komandante burua, Fidel Castro Ruz». Kubako presidente ohiak 90 urte zeuzkan; osasun arazoak zirela medio, hamar urte lehenago utzia zuen agintea anaiaren esku.

Habanako gobernuak bederatzi eguneko dolua ezarri du irla osoan. Kubako presidente historikoak berak propio eskatu zuenez, erraustu egingo dute haren gorpua; gero, errautsek Kuba zeharkatuko dute astebetez, eta abenduaren 4an egingo diote azken agurra, Santiagon, Castrok iraultza aldarrikatu zuen hirian.

Erdibiderik gabekoa zen Castro, muturrekoa. Handiak izan ziren haren garaipenak eta handiak haren galerak, adibidez, lehenbiziko saiakera iraultzaileak. 1956ko eraso hark, esaterako, garaipenerako bidea prestatu zuen, baina bere horretan porrot larria izan zen. Izan ere, Granma behar baino beranduago heldu zen Kubara; gainera, okerreko tokian lehorreratu zen, eta ordurako zain zeuzkaten Batistaren tropak. 82 gerrillaritik, hogeik baino ez zuten ihes egitea lortu, eta mendietara jo zuten babes bila. Bidean, inguruko nekazarien laguntza jaso zuten bizardunek. Marka hura, bide batez, bidaia kaotiko haren ondorioetako bat zen: Granma-ra igo zirenean, inori ez zitzaion bururatu bizarra egiteko tresnak hartzea.

Mendietatik eta hirietako klandestinitatetik prestatu zuten behin betiko erasoa izan behar zuena. Batistaren gobernuak nabarmen galdua zuen babesa herritarren artean, eta gerrillariak bizkor antolatu ziren. Beste porrot nabarmen baten ondoren, giroa prest zegoen: 1959a jaio berria zela sartu zen Castro Santiagon, Kubako iraultza aldarrikatuz. Harrezkero, inork ez zuen agintetik botako. Batistak Santo Domingora, eta, geroago, Espainiara egin zuen ihes, Franciso Franco diktadorearen gonbidapena gustu handiz onartuta. Marbellan (Espainia) hil zen, 1973an.

Bizilagun deserosoa

Muturrekoak ziren, baita ere, Castrok munduko agintariengan eragiten zituen sentimenduak. Ezkerrarentzat erabateko erreferentea izan da urteotan, iraultzaren sinboloa eta pertsona eredugarria. Aurkarientzat, despotikoa eta orokontrolatzailea izan da hark zuzendutako gobernua. Sare sozialetako erabiltzaileek —eta bereziki Miami ingurukoek— gehienetan hil duten estatuburua ere izango da ziurrenik.

1960ko hamarkadan, AEBek ezin zuten jasan sozialismoaren indargune bat etxe atarian edukitzea, Floridako kostatik 170 kilometrora. Washingtonen begietara, Castroren Kubak anaia handia zeukan Moskun. Habanak, gainera, propio bilatu zuen nazioartearen onespena, besteak beste, Afrikako zenbait independentzia gerratan parte hartuz eta gobernu sozialistak babestuz. Urte askoan, mundu osora hedatu zituen Kuban trebatutako sendagile eta irakasleak. Nelson Mandela zenak ere sarritan txalotu zuen Castro, Hegoafrikako apartheid-a eraisten laguntzeagatik.

Washingtonentzat, ordea, deabrua Habanatik zetorren. Gerrillariak agintera heldu ziren unetik bertatik, haiek botatzeko sabotaje kanpainak antolatu zituen AEBetako Gobernuak, irla barruko zein kanpoko disidenteak erabiliz —Kubako Gobernuak salatu izan du 600 aldiz baino gehiagotan saiatu zirela Castro hiltzen—. Izan ere, Batistaren garaiko militar ohi ugari Floridan zeuden erbesteratuta; haietako ehunka batzuek CIAren entrenamendua jaso zuten, eta, 1961eko apirilean, Kubako Cochinos badia menderatzen saiatu ziren.

Bizardun itxurako arrasto sobietar hura Karibetik ezabatzea zen erasoaren helburua, baina erabateko porrota izan zen: Kubak prest zeukan inbasio baterako defentsa, eta lehenbiziko erasotzailea kostara heldu bezain laster erantzun zion. Areago: galera militarraz gain, moralki ere nabarmen geratu ziren AEBak munduaren aurrean. Kubatarrek sentitu zuten euren burujabetza urratu nahi zutela, eta, haserre, are gehiago batu zitzaizkion gobernu sozialistari; eta Castro, ordura arte Sobietar Batasunarekiko eszeptikoagoa izan arren, erabat aliatu zen Moskurekin.

1962an, bi potentzien arteko liskar larrienetako baten lekuko eta orube izan zen Kuba: AEBetako zerbitzu sekretuek John Fitzgerald Kennedy presidenteari jakinarazi zioten misil sobietarrak atzeman zituztela Karibeko irlan. Washingtonek ere bazeuzkan Turkian, baina eskuak burura eraman zituen hala ere; tentsioa gorenera igo zen, eta gerra nuklear bat abia zitekeen zurrumurrua hedatu zen. Hamahiru egun iraun zuen krisi diplomatikoak, eta, azkenean, Kennedyren eta Nikita Khrustxev agintari sobietarraren arteko akordio batekin amaitu zen: batek Kubatik kenduko zituen misilak, eta besteak, Turkiatik. Castrok ahaleginak egin zituen prozesu hartan bere aldarrikapenak txertatzeko, besteak beste, Washingtonek idatziz adieraztea ez zuela sekula Kuba inbadituko, eta lau urte lehenago ezarritako blokeo ekonomikoa kentzea, baina bi potentziek ez zioten jaramonik egin. Geratu zen bakarra Kennedyren ahozko promesa izan zen, inbasioa baztertuz.

Miamin oraindik bada Habana txikia deitzen dioten auzo bat. Castroren aurkako kolpeek jada ez daukate 1960ko hamarkadan eduki zezaketen forma militarra, baina orduan ernaldutako haziak ongi errotutako landarea hazi da AEBetako hegoaldeko kostan. Bertan erbesteratutako kubatarrek gorroto itzela diote Castrori; egunotan Miamin egiten ari diren manifestazioak dira horren seinale. Hegoalderago, ordea, haren falta sumatuko dute, batez ere ezkerrak gobernu eskuindar edota diktadura militarrak agintetik egotzi izan dituen herrialdeetan. SEBS Sobietar Errepubliken Batasun Sozialista desegin ondotik, izan ere, azpiegitura krisi larria sufritu zuen Kubak; gerora, Hugo Chavez Venezuelan agintera heldu zenean hasi zen berriz baliabide handiko herrialde baten babesa jasotzen.

Oihartzun luzeko hitzak

Fidel Castrorekin, ikusgarriak ziren garaipenak, eta negargarriak galerak. Hitzaldiak ere luzeak gustatzen zitzaizkion: hainbat orduz aritu zitekeen jendaurrean hizketan, esaten zuena lehenbiziko aldiz aterako balitzaio bezala. Hain zuzen ere, berak dauka oraindik Nazio Batuen Erakundeko errekorra: 1960ko irailaren 26an, hitzaldi «laburra» emango zuela iragarriz agertu zen Batzar Orokorraren aurrera, eta lau ordu eta erdiz jardun zuen hizketan. Bilerak, berriz, desordutan egin nahi izaten zituen; aurkariek nekatuta harrapatzeko egiten zuela aurpegiratzen zioten gero.

Beharbada, haurtzarotik kontrastezko bizitza eduki zuelako gustatzen zitzaizkion muturrak; beharbada horregatik ez zuen asmatzen ezarritako neurrietako bakar batean ere kabitzen. Kuban jauntxo bihurtutako migratzaile galiziar baten eta haren zerbitzari baten sei seme-alabetako bat zen. Aitak etxalde handi samarra zeukan jabetzan, baina bertako nekazariekin heziarazi zuen Fidel. Gerora, Santiagora igorri zuten: eliteko ikastetxe batera joan arren, baldintza eskasetan bizi izan zen hirian.

Unibertsitate garaian hasi zen alderdi politikoetara hurbiltzen —hiru lizentzia ikasi zituen: Zuzenbidea, Zuzenbide Diplomatikoa eta Gizarte Zientziak—. Ordurako, Latinoamerikan geroz eta agerikoagoak ziren botere kolonialaren aurkako eta burujabetzaren aldeko adierazpen politikoak, eta herrialdeen arteko babesak garrantzi handia zeukan. Castrok berak parte hartu zuen, 21 urterekin, Dominikar Errepublikako Rafael Trujillo diktadorearen aurkako altxamendu saiakeran —huts egin zuen—, eta, urtebete geroago, Kolonbian Bogotazo gisa ezagutzen den matxinadan. 1953an Santiagoko Moncada kuartela jarri zuten jo-mugan; porrota sekulakoa izan zen, baina gerrillariek irakaspenak irabazi zituzten.

Hitz egiteko lotsarik gabea eta karismatikoa zen Castro gaztea; emakumeen artean ere jarraitzaile ugari izan zituen Habanako gobernura heldu zen urteetan, eta ez preseski arrazoi politikoengatik. Gerrilla eta Estatuko Kontseiluetako kideak familia baten moduan zaintzen zituen, eta gutxiago axola zitzaion familiaren ulerkera tradizionala; gutxienez zortzi seme-alaba izan zituen gutxienez hiru bikotekiderekin, eta haietako batzuek —iraultza garaian jaiotakoek, bereziki— bizkarra eman zioten gerora —bi AEBetan bizi dira—.

Zalantzan jar liteke zerk bultzatu zuen Castro gehiago boterea hartzera: sozialismo nahiak, edo burujabetza zaintzekoak. Sobietarrekin ere oso kritiko agertu zen beti. «Ez dago dogma bat baino ezer antimarxistagorik», esan zuen 1968ko Kultur Biltzarrean: «Han [Moskun] marxismoaren izenean benetako fosilak diren nozioak babesten dituzte».

Patriotismoa zuen ardatz, eta inperialismoa mespretxatzen zuen. Urteotan guztiotan, AEBetako 11 presidente ikusi ditu igarotzen; hamabigarrena heldu aurretik joan da. 2009ko urtarrilean esan zuen ez zela bizirik egongo Barack Obamaren lehen agintaldia amaitzen zenean. Eritasunak jota zegoen ordurako, eta agerraldi gutxi egiten zituen; kubatarren egunerokotasunean, galdua zuen garai bateko presentzia. Lehenbiziko matxinada haiekin bezala, huts egin zuen prospekzio harekin, baina bigarrengoan asmatu zuen: aurtengo apirilean, Kubako Alderdi Komunistaren Kongresuan ohartarazi zuen «laster guztien pare» egongo zela: «Denoi iritsiko zaigu gure unea, baina ideia komunistak geratuko dira».

Moncadako kuartelaren erasoagatik epaitu zuteneko segurtasun berberaz ahoskatu zituen hitzok. «Historiak absolbituko nau», esan zuen 1953 hartan, eta hitzon oihartzunak irauten du oraindik. Zalantzagarria da historiak absoluziorako gaitasunik ba ote daukan; baina gogo onez zabaldu dio atea Castrori.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...