Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia ZIFRA NAGUSIAK

Publizitatea

Ekonomia

ZIFRA NAGUSIAK

 

2017-06-18 / Berria

Zer pisu du Euskal Herrian?

2015eko datuen arabera, Hego Euskal Herriko elikagai industriako enpresek 1.688 milioi euroko balio erantsi gordina sortu zuten, euskal ekonomia guztiaren %2,12. Lehen sektorearen ekarpena gaineratuz gero, 2.768 milioi eurora zabaltzen da balio erantsi gordina (%3,5). Eta industria osoa aintzat hartuz gero, elikagai industriak %8,5 ordezkatzen du. Zuzenean, 28.162 langileri ematen die lana; Hego Euskal Herriko langileen %4,5ek elikagai industrian egiten dute lan.

Eta Europako Batasunean?

Guztira, 290.000 enpresa daude, eta 1.090 milioi euro fakturatzen dute. 28 herrialdeetako industriaren balio erantsia ekonomia osoaren %1,8 da, eta industriaren %13. Guztira, 4,25 milioi langileri ematen die lana. Food Drink Europe elkartearen arabera, enpleguari dagokionez industriako sektore nagusia da: langileen %15ek lan egiten dute industrian; metalgintza (%11,7), makineria (%10,2) eta autogintzaren (%8,2) aurretik dago.

Zer lurralde nabarmendu da?

Nafarroa. 2007. urtean, elikagai industriak lurraldeko ekonomiaren %3,8 ordezkatzen zuen, baina, krisi urteetan, handitu egin da haren garrantzia, pisua %4,5 izateraino. Autogintzaren ondotik, sektore ekonomiko nagusietan bigarrena da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, beste industriek garrantzi handiagoa badute ere, sektore estrategikoa da.

Krisia ez dute nabaritu?

Bai, baina ez beste sektoreek adina. Krisian 1.096 enplegu galdu eta 236 enpresa desagertu dira. 2013tik gora egin du.

Zenbat fakturatzen dute?

2015eko datuen arabera, Hego Euskal Herriko enpresek 7.576 milioi euro fakturatu zituzten, eta %20ko hazkundea izan dute azken hamar urteetan.

Zenbat inbertitzen dute?

2014ko datuen arabera, 213 milioi euro inbertitu zuten Hegoaldeko enpresek. 2015ean, EAEko enpresek %30 handitu zuten.

Zer azpisektore da nagusi?

Barazki kontserbak. Fakturazioaren arabera, elikagai industriaren %17 osatzen dute, eta batik bat Nafarroako Erriberako enpresen pisua nabari da hor. Ondoren, ura eta freskagarriak (%12,7), ardogintza (%11,4), haragi industria ( %11,3) eta ogi industria (%11,2) leudeke. Dena den, arrain kontserbek sektore osoaren %4,6 ordezkatzen dute, baina kanpo merkataritzan pisu handia dute: EAEko sektorearen esportazioen %30 dira.

Zenbat esportatzen dute?

Gero eta gehiago. Krisi urteetan, esportazioak %92 handitu dira. 2008an, 938 milioi euro bildu ziren esportazioen bidez, eta, iaz, 1.712 milioi euro. Frantzia da merkatu nagusia.

Nolakoa da lurralde arteko merkataritza?

Gaindegiak iaz egindako azterketa baten arabera, krisian hala Nafarroako nola EAEko industriaren salmentek gora egin arren, lurralde arteko merkataritzak behera egin du. 2013ko datuen arabera, Nafarroako enpresek 398 milioi fakturatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2008an baino %10 gutxiago. EAEtik Nafarroarako merkataritza, berriz, %32 jaitsi zen. Lurraldean bertan ekoitzitako produktuen kontsumoak gora egin du.

Zenbat enpresa daude?

2016ko datuen arabera, 2.074 enpresa zeuden elikagai industrian. Hamar enpresatik bederatzik (%92) 50 langile baino gutxiago dituzte. Hots, oso sektore atomatizatua da. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, ia enpresen erdiek (1.018) bi langile baino gutxiago dituzte, eta horietatik 410 autonomoak dira —ez dute soldatapekorik—. Aldiz, ehun langiletik gorako 43 enpresa daude, gehienak Nafarroan. Enpresa bakarrak baino ez du mila langile baino gehiago.

Zeintzuk dira enpresa handienak?

Fakturazioaren arabera, hauek:

Norbega SA. Coca Colaren freskagarriak ekoitzi eta banatzen ditu. 810 milioi fakturatu zituen 2015ean. 300 langile ditu.

AN talde kooperatiboa. Ehun urte inguru ditu, eta 30.000 laborari bazkide. Iaz 705 milioi euro fakturatu zituen. 1.525 langile.

Ultracongelados Virto. Azagran du egoitza. 242 milioi euro fakturatu zituen 2015ean. Mercadonaren hornitzailea da.

Berlys. 211 milioi euro fakturatu zituen 2015ean. 1.250 langile ditu, eta 215 denda.

Esnelat SL. Lau fabrika ditu, eta Urnietan du egoitza nagusia. 2015ean 202 milioi euro fakturatu zituen.

Urzante. 193 milioi euro fakturatu zituen 2015ean.

Vega Mayor. 163 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta aurten 12 milioi euro inbertituko ditu.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak