ANALISIA

Lurralde batasuna

Enekoitz Esnaola -

2016ko maiatzak 15
Helvetia Suitzako aseguru taldeko buruetako bat Iruñean izan da —Jose Maria Paagman—, eta kontatu du 1998an La Vasco Navarra enpresaz jabetu ziren bezain pronto horren Iruñeko San Ignazio etorbideko eraikineko ordulari «mitikoa» matxuratu egin zela. «Herritar batek gutun bat idatzi zuen, galdetuz ea zer gertatu zitzaion erlojuari, eta funtzionatzen ez zuenetik berandu iristen zela lantokira eta ez zekiela zer tenperatura zegoen». Agian, zahartua zen La Vasco Navarrako ordularia, zaindu gabea.

«Garai batean dena vasco- navarro zen», zioen Jesus Egigurenek duela bi urteko solasaldi batean. «Galdu egin da hori, eta pena ematen dit. Donostian monumentuak lau armarrikoak ziren, Nafarroakoa ere bazutenak. Orain hirukoak jartzen dituzte». La Vasco Navarra aseguru enpresa bera 1900ean sortu zuten. Ferrocarril Vasco-Navarro, 1889an, eta 1967an bukatu. Bazen Geografia General del Pais Vasco-Navarro. 1923tik hor da Real Automovil Club Vasco Navarro. Hor Colegio de Arquitectos Vasco-Navarro. Duatloian-eta bada zirkuitu vasco navarro-a... Badira kasuak, baina tradizio modura galtzen joan da.

Lizarran udalek 1931n Hegoaldeko automomia estatutua onartu zutenetik —Eusko Ikaskuntzak idatzi zuen—, presio eta atzera egiteengatik, gerragatik, diktaduragatik, trantsizioko zatiketa administratiboagatik eta estrategia eta indar harremanengatik-eta alor politiko-instituzionalean ez da lauko lurralde batasun formalera begira ia ezer egin. Saio hutsalak izan ziren bi erkidegoetako gobernuen organo komuna (1995-1996) eta hari buruzko-eta Loiolako elkarrizketak (2006).

Frankismoaren ondotik, esparru juridiko-politikoan EAEren eta Nafarroaren bat egiterako sortu ziren tresnak. Espainiako Konstituzioak (1978) aldi baterako laugarren xedapenean dakar Nafarroako foru erkidegoak —parlamentuaren eta erreferendumaren bidez— eskumena daukala EAEn «sar» dadin. Nafarroako Foru Hobekuntzak (1982) bigarren xedapen gehigarrian konstituzioko aipamen hura dakar. EAEko Estatutuak (1979): «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek osatuko dute Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren Aldibaterako Laugarren Xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu».

Barkosek esan bezala, «klasiko» bat da PPk eta UPNk xedapena konstituziotik kentzeko esatea. Orain harrigarria badirudi ere, trantsizioan Nafarroako eskuin erregionalisten alderdiak egin zuen eskumena han txertatzeko proposamena —UCDk, 1977an—. Baina denak ez ziren ados, eta UPN sortu zuten 1979an, eskaera klasiko bihurtzeraino. Presidente zela Sanzek ere galdegin zuen, «inoiz nafarrak zoratu eta beste errealitate politiko batean, Euskadin, sartzea erabakitzea» eragozteko. Nahiz eta Barkosek agintea hartu eta berehala iragarri zuen xedapena baliatzea ez dela «Nafarroako Gobernuaren eta gizartearen lehentasuna», Rajoy asteon berriro prest agertu da, konstituzio erreformarik balego, ezabatzeko. Hots, otsoa ez da azaldu, baina askotan entzun da badatorrela.

Nafarroako aldaketaren parlamentuak ez du aktibatuko lege aukera hori, baina bada beste formularik lurralde batasuna eta lankidetza euskal instituzioetatik urratzeko. Desio eta babes sozial bat badago haietatik erlojuari pilak jartzeko. Euskal Estatua irudikatzen azterketan badira datu batzuk. Nafarroako egoera delikatuagoa denez, bertako bi kontu: Hegoaldea autonomia bakarrean batzearen alde nafarren %36,7 daude, baina unionismoak jadanik ezin du paparra horrenbeste altxatu —aurka, %51,1—; eta Nafarroa-EAE harreman handiagoaren alde nafarren %72,8 dira. Urkulluk eta Barkosek, zuhurtziaz baina burutsu jokatuz, lankidetza protokoloari heldu diote. Jokoa emango du. Ordea, hamarkadetako haustura administratiboak kalte mentala ere eragin du, tenperatura jaitsiz, eta, aliantza politiko-instituzionalak josten segitzeaz gain, lantzeko daude kohesiorako diskurtso eta praktika ausartagoak. Horretarako, herri batek behar du gizarte antolatua ere, zaindua —ez kontrolatua—. Batasuna ez baita formala bakarrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna