jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zurbiltasuna

2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Militante sozialistak atsekabetuta behar du. Txarrak izan dira joan den igandean PSEren emaitzak, eta, herriz herri portzentualki PSEk zer babes duen erakusten duen mapan, desagertu da kolore gorri bizia; zurbiltasunak hartu du. Esan daiteke katagorri bat Lasarte iparraldetik Lasarte hegoaldera joan daitekeela PSE lehen indarra izan den tokiak igaroz, baina ez gehiago. Bere burua sozialistatzat duenak, ordea, lehendik ere atsekabetuta behar zuen, agintaldi batean PPren babesean eta hurrengoan EAJ babesten egon ostean; militante horren atsekabea ez da igandeko emaitzen ondorio, azalpena baizik.

Idoia Mendiak ez du uste euskararen kontra izandako jarrerak botoak kendu dizkienik, eta arrazoia du, boto-emaile jakin batentzako mezua zelako. Baina pentsatu behar du eman ere ez diela ezer eman dagoeneko mezu horrek. Ezta Elkarrekin Podemosen kontrako bideo apokaliptikoak ere. Haien arazoa ez baitago bideoetako mezuetan edo raka-raka leloan, baizik eta diskurtso berri eta sozial bat eraiki eta sinetsarazteko ezintasunean. Zaharkitu egin da PSE.

Oraindik EAJri gehiengo oso bat eskaintzeko moduan da PSE. Egonkortasunaz hitz egiten denean, ordea, nor eta zer egonkortzen duten pentsatu beharko lukete. Felipe Gonzalezen eta Rodriguez Zapateroren garai onenetan jaso zuten Eusko Legebiltzarrerako bozetan babesik handiena. Diskurtso propiorik ezean, Madrilgo argia itzali denean zurbildu da PSE ere. Inoiz baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.