mikel p ansa
HIZPIDEAK

'Continuum'

2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Umeek uste izaten dute historia beraiekin hasten dela; ez zela deus ere existitzen beraiek jaio aurretik. Eta ume horiek heltzen direnean, sarri bai sarri jarraitzen dute gauza bera pentsatzen; euren memoriak bukatzen diren tokian hasten dela historia. Baina memoria asko bizi dira ume bakoitzarengan: gurasoen bizipenak, aitona-amonenak, lagunenak, bizi diren herriarenak... Horiek guztiak ezkatak bezala itsasten zaizkie umeei, ia konturatu gabe. Memorien continuum bat dela esan liteke; haur jaioberria ez delako hutsetik eta hutsera sortzen: memoria ezkata horiek aldatuko ditu, ahaztuko ditu, ezkata berriak erantsiko dizkie, eta aldamenekoei eta ondorengoei pasatuko dizkie.

Eskoletako liburuetan ofizial gisa ageri den historia hori beste kontu bat da. Hor ez dago continuum-ik. Aditu batzuek, unean uneko agintarien irizpideen esanetara, historia txatalak aukeratu eta josten dituzte. Memoria ezkatek egiten duten historia, aldiz, desberdina da; unean uneko agintariak ez du haien gaineko aginterik; eta ez dago memoria txatalak ordenatu eta hierarkizatuko dituen aditurik.

Julen Kaltzadak («Indarkeria politikoa ETArekin hasi zela sinetsarazteko lanean ari dira»)eta Jose Mari Esparzak («Gure historia zatitu nahi dute. 1977tik atzerakoak ahantzaraztea eta hortik aurrerako guztiaren errua ETAk duela finkatu») oso garbi esan dute. Baina Jose Maria Areilza Bilboko alkate frankistaren 1937ko esanak laburbiltzen du oraina ongien: «Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe». Hori da kontakizuna, historia liburua. Memoria beste kontu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.