Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Maltzagaraino ere bakarrik

Publizitatea

Iritzia

HIZPIDEAK

Maltzagaraino ere bakarrik

 
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2017-04-21 / Mikel P. Ansa

Hezur sinboliko gogorrari egin diote hozka ELA eta LAB sindikatuek. Ekainean egingo du kongresua ELAk, eta han eztabaidatzeko idatzitako txostenean Maltzagari agur esan dio: «Maltzagaz hitz egitea, gure ustez, prozesu nazionala aktibatu ahal izateko ditugun baliabide mugatuak desmobilizatzeko bidea da».

Abertzaleen artean kontzeptu totem bat da, edo izan da, orain arte bederen, Maltzagaraino behintzat «denak elkarrekin» joatearen hori. Katalunian independentziari buruz antolatu den mugimenduak ere ispilu gisa funtzionatu du, gainera, azkeneko urteetan, eta euskal abertzaleen artean ezinbesteko oinarri gisa ulertu izan da Maltzagakoa. Bateko alderdiek bezala besteko alderdiek erabili izan dute «metafora historiko» hori, eta boto emaile abertzaleentzat amets ikoniko bilakatu da. Madrilek behin eta berriz jartzen dituen traben aurrean, erreferendumaren korapiloa askatu ezinean, antsia abertzaleak bideratzeko ezintasunaren parean, abertzale guztiak bat eginda arituko balira lortuko omen litzatekeen horren ametsak ordezkatu du errealitatea. Gaur dagoenarekin ezin denez aurrera egin, gaur existitzen ez den zerbaiten gaineko esperantzak ordezkatu du haien imajinarioa.

Baina Maltzaga hortxe dago. Hor egon da azkeneko 36 urteetan, Telesforo Monzon hil zela urte horiek bete baitira aurten; eta abertzaleak ez dira inoiz gai izan ezta Maltzagara abiatzeko ere. ELAk eta LABek bide bat urratu nahi dute. Aurki egingo dituzte kongresuak, eta burujabetza prozesuari ekiteko oinarria jarri nahi dute. Maltzagarik gabe; alegia, EAJrik gabe. Asmatzea ez da erraza izango, arazoa praktikarena eta ideologiarena baino urrunago doalako seguru asko: abertzaleen pentsamendu sinbolikoa ere irauli beharko dute.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea