HIZPIDEAK
Ahal izatea eta nahi izatea

U rtebete ere ez da igaro Madrilen Podemos mugimenduaren sorburu den manifestua aurkeztu, eta zabaltzen hasi zenetik. Horren ondotik, 2014ko urtarrilaren 17an hasi zen egituratzen mugimendua, eta, Europako hauteskundeetatik haratago, ukaezina da hilabete hauetan lortu duen babesa, eta, eragin dituen eztabaidei erreparatuta, izan duen arrakasta. 2015ean, baina, Ahal Duguk euskal gizartean duen indarra botoetan neurtzeko urtea izango da.
Bozkatzeko bi hitzordu dituzte Hegoaldeko herritarrek aurten, eta biak ere oso bestelakoak: maiatzean, udaletan, aldundietan eta Nafarroako Gobernuan nork aginduko duen hautatuko dute, eta, udazkenean, Madrilen. Podemosek Europako Parlamenturako bozetan erakutsi zuen ikur dituen liderrek indar handia dutela urrutiko distantzietan. Kongresurako bozetan indar hori lagungarri izango dute Euskal Herriko hautagaiek, zalantzarik gabe. Aurretik, baina, maiatzeko bozetan jokalekua bestelakoa izango da, eta kontua ez da soilik izango Madrilgoen itzala noraino heltzen den, baizik eta, egoitza nagusia Madrilen duten alderdi guztiekin gertatzen den bezala, Euskal Herriko ordezkarien ahalmena Madrilera heltzen den, eta noren ondora bil daitezkeen.
Esanguratsua izan da joan den urteko Podemosen gorakada. Zer nahi eta ahal duten jakiteko, baina, garrantzitsuagoa da datorrena.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.