mikel p ansa
HIZPIDEAK

Amesgaiztoak

2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Kanadarrek amesgaiztoak izaten ote dituzte zaldi gainean ibiltzen diren polizia horiekin? Hemen, bai, herritar askok izaten dituzte amesgaiztoak Poliziarekin, poliziekin. Eta ertzainek ere, adibidez, egingo dituzte amesgaiztoak mehatxu, irain edo eraso egin dietenekin. Orain ertzain horien sufrimendua aitortu du Eusko Jaurlaritzak. Bateko eta besteko biktimak—bortxa politikoarenak, estatu indarkeriarenak, 36ko gerrarenak, torturatuenak...— aitortzeko, haien sufrikarioa ikertzeko eta, kasu batzuetan, erreparatzeko bideak jartzen ari da Jaurlaritza, eta Nafarroako Parlamentuak ere egin ditu urrats batzuk.

Baina susmoa da ertzainek sufrituriko bortxaren azken azterketa honetan falta dela alderdi bat, alegia ertzain batzuek eragindako minarena. Ertzaintza ez baita agente pasibo edo hartzaile hutsa izan, begi bistakoa denez. Eta hor sortzen da biktima kontzeptuaren arazo nagusia: agente pasiboa dela biktima, mina hartu besterik egin ezin duena. Eta orduan? Zer gertatzen da biktimak ere bortxa erabili badu? Beste alde batera, ETAko kide izandakoekin ere gertatzen dena. Jose Bernardo Bidaola Txirrita hilda agertu zela 40 urte bete dira oraintxe. Ikertu gabe dago haren heriotza. Tiroketa batean zauritu, eta handik hilabete pasara agertu zen gorpua, ustez lagun eta senideek ja miatua zuten leku batean. Autopsiarik ez, ikerketa ezagunik ez. Eta orduan? Zer gertatzen da bortxa erabili duena biktima ere izan bada?

Zintzoen eta gaiztoen Disneyren film batean bizitzetik urrun gaude, eta urrats asko falta dira hemen ere Kanadako herritarrek bezalako amesgaizto normalak egiteko. Bide horretan, garrantzitsua da Jaurlaritzak ikertzea eta aitortzea ertzainek jasan dutena. Baina ertzainek jasanarazi dutena ikertu eta aitortzea ere beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.