mikel p ansa
HIZPIDEAK

Utzikeria

2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Berogailu elektriko bat erosten baduzu, fabrikatzaileak laster abisatuko dizu, hizki larri eta gorritan: «Ez estali». Etxera eramango duzu, eta, lehenago edo geroago, haren gainera eroriko da galtzerdi parea edo xukadera bat. Nola izendatu jokabide hori? Axolagabekeria? Erosokeria? Utzikeria? Nahi duena egiteko libre da nor bere etxean, baina etxeak su hartzen badio, arazoa ez da berea bakarrik izango. Eta Garoñako zentral nuklearrean, ponpa baten gainean uzten baduzu erreminta kutxa bat, txartelean «Ez utzi ezer ponparen gainean» irakurri arren... Nola izendatu behar da jokabide hori? Axolagabekeria? Erosokeria? Utzikeria? Keinu txiki bat da, baina keinu txiki horrek dena esaten du. Okerrena da Garoñak horrelako keinu asko eta horrelako keinuak sarri pilatzen dituela. Zentral horri buruzko azterketetan beti agertzen diren xehetasunak dira: egoera txarrean dauden instalazio elektrikoak, beren lekutik eroritako txartelak, funtzionatzen ez duten bozgorailu sistemak, egon beharko ez luketen lekuetan pilatutako materialak... Martxoaren 24an, hondakin nuklearrez betetako bidoi bat garabi batekin mugitzen hasi, eta erori egin zitzaien; ireki egin zen; eta hiru litro hondakin isuri ziren. Ez omen zuen arriskurik eragin—halakoek inoiz ez dute arriskurik eragiten, buletin ofizialen arabera—; zortzi orduan kontrolatu omen zuten egoera —ikustekoak izango ziren hango langileen larriminak—. Baina horiek txikikeriak dira; hautsi zen bidoi horren gisako mordoxka bat dauzka Garoñak, hasierako urteetakoak —1984 artekoak—, auskalo zer eta auskalo nola gordetako hondakin nuklearrekin: hondatzen hasiak daude. Hor dago egiazko arazoa. Ez du axola martxoaren 24an arriskua sortu zen edo ez; ez du axola zenbat denbora behar izan zuten kontrolatzeko: 46 urte dituen zentral zahartu horren ajeak dira arazoa; eta utzikeria; eta axolagabekeria; eta erosokeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.