jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Kurba

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Denbora da sindikatuak ohartarazten ari direla datu makroekonomikoetan ekonomiak hobera egin arren hori ez dela gero islatzen langileen egoeran. Ekonomia suspertzen ari da, langabezia jaisten ari da, baina baikortasun horrek ez ditu ezkaratzak zeharkatzen, eta agintarien ahoan ohikoak bihurtu diren datuak arrotzak dira etxe askotan. Confebaskek uztailean zioen prekaritatea ez dela araua kontratazioetan, baina zerbait izango da, EBZk ere ohartarazi badu orain arte ezagutzen ez zen desoreka bat sortzen ari dela, egiturazko haustura bat, eta horren atzean lanpostu prekario, partzial eta aldi baterakoen ugaritasuna egon litekeela.

Phillipsen kurba ez da patroia betetzen ari. Gauza teknikoa dirudi, baina langile askoren izena jar dakioke kurbari, eta garbi geratzen da zerbait huts egiten ari dela. Amaiurrek lana badu, eta horrek egonkortasun ekonomikoa eman beharko lioke. Kontratua aldi baterako da, ordea, aurretik izan zituen beste hirurak bezala,eta pobreziaren mugatzat jotzen den soldataren azpitik kobratzen du hilean. Egonkortasunik ez, eta lan bila jarraitzen du, beraz.

Gaur egun, ekonomiak horrelako paradoxak uzten ditu: pobrezian bizi diren soldatadunak, lan bila dabiltzan kontratudunak. Ekonomia bihurgune batean dagoela dirudi, eta 60 urtez indarrean izan den kontzeptu bat huts egiten hasi da. Kurbatik kanpo nor geratzen den ari da marrazten susperraldia, aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.