jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zigarrokina

2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Keinu txikiak daude batzuetan hondamendi handien atzean. Foruzaingoa ikertzen ari da AP15ean aurkitutako zigarrokinak piztu ote zuen herenegun Nafarroan azken 30 urteetan izan den suterik larriena, baina amorragarria da pentsatzea, beste gauza batzuen artean, burugabe batek eragin duela sua. Pentsaezina baita kanpoko bero sapatik ihesi doan gidari batek jaurti dezakeela pizgailu bat landa idorrera. Baina gertatzen da, inkontzienteki bada ere, eta arriskuan jartzen da beste gidarien bizia, inguruan bizi direnena eta sua itzaltzen lan egiten dutenena.

Hiru mila hektarea inguru erre dira, eta, suarekin batera, hainbat laborari eta familiaren ezinegona piztu da. Kaltea eta arriskua zeintzuk diren aintzat hartuta, azkenean egiaztatzen bada norbaitek eragin duela Tafallako sua, ondo merezia du zigor bat. Espainiako legediak espetxe zigorra ezarria du suteak pizten dituztenentzat; are eta urte gehiago besteen bizia arriskuan jarri badu. Zorionez, kalte pertsonalik ez da izan orain, baina edonor ohartzen da gerta zitezkeela horiek ere, kalte material gehiago egotearekin batera (etxeak, etxaldeak, lantokiak...).

Zigorrak zigor, errepidean dabilenak jakin behar du ez dagoela etxeko sofan, eta, bere ohera begiak itxita zigarrokina botako ez lukeen bezala, ez lukeela bota behar errepidean ere, atzean zer gertatzen den ikusi gabe. Txerrikeria bat izateaz gain, arduragabekeria bat da, ohitura txarra bezain arriskutsua. Zigor eta faktura kontu bat baino gehiago dela ulertu behar da horretaz jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.