jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Muturrean

2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aske, sei hilabeteko bizi itxaropenarekin. Oier Gomez euskal presoa Euskal Herrira itzuliko da Frantziak haren zigorra eten eta Espainiaren eta Portugalen euroagindu eskaerak atzeratu ostean. Presoen auzia nola dagoen aintzat hartuta, pozgarria da Gomezek espetxea utzi ahal izatea. Are eta gehiago haren askatasunaren alde azken hilabeteetan egin den lanak saria izan duelako. Horrek ezin du ezkutatu, ordea, gaitz larri batekin eta egoera larri batera iritsita utzi dutela aske, eta poz horrek eman behar du gogoetarako bidea ere.

Atzo Gomezen askatasunaren kontrako erabaki bat hartzea, krudela izateaz gain, anakronismo bat zatekeen. Halaber, sei hilabeteko bizi itxaropenarekin aske uztea ere krudela eta bidegabea da. Giza eskubideak oinarrizko gauza bat dira, eta Espainia eta Frantzia aspalditik ari dira marra gorriaren beste aldean horiekin politika egiten, zigortzen, ETAren jardun armatua bukatu ondoren ere bai. Frantziak atzo hartu zuen erabakia bezalakoak hartu izan ditu Espainiak beste euskal preso batzuen kasuetan. Ezer berririk ez dago, beraz, oraingoz Frantziaren jarreran. Iosu Uribetxebarriaren kasuak sortu zuen zalapartaren ostean, aurtengo otsailean zehaztu zituen Espainiak larri gaixo dauden presoak aske uzteko baldintzak: damutzea edo «oso epe motzean» hiltzea aurreikustea. Xantaia da hori gaitz sendaezin larri bat duenarentzat, eta, Gomezen bizi itxaropena aintzat hartuta, ez dirudi Frantziak erabaki duena gidoi horretatik ateratzen denik.

Carlos Gomezen aitak esana da semearen kasuak mugarri izan behar duela presoen auzia konpontzeko. Sara Majarenasekin eta Gomezekin gertatutakoak erakusten du, ordea, muturreko kasuetan soilik mugitzen direla oraingoz Espainia eta Frantzia. Armagabetzearen auzian sumatu den jarrera aldaketa ezingo da sumatu presoenean, horien egoerak muturrera eramaten dituzten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.