HIZPIDEAK

Eskubideak irakasten

ELA sindikatuak atzo baloratu zuen epaia.
ELA sindikatuak atzo baloratu zuen epaia. IÑIGO URIZ / ARP

Ainhoa Oiartzabal Azketa -

2017ko martxoak 10
Zaintzaile. Hala deitzen zaie ikastetxeetan irakasleek eskolak ematen ez dituzten orduetan ikasleekin egoten diren langileei. Batzuk bazkalorduan, beste batzuk ondoren, hainbat eta hainbat eskolak hasi aurretik... langile horiek denbora tarte ugari ematen dituzte ikastetxeetako haurrekin batera. Haien beharrak betetzen dituzte bakarrik gelditzen direnetan, zaindu egiten dituzte, eta, horrenbestez, hainbat gauza irakatsi ere bai. Hala ere, oporren eskubiderik ez zaie aitortu izan.

Berriki atera den epai baten arabera, ordea, Nafarroako ikastetxeetako zaintzaileek udan soldata jaso ahal izango dute. Epaileak esan du behin-behineko irakasleei bezala ikasturte osoan ikastetxe publiko batean lanean aritu diren zaintzaileei ere oporrak ordaindu egin behar zaizkiela. Hau da, ez dela bidezkoa ikasturte amaieran kontratua eten eta langabeziara bidaltzea.

Albiste ona da epaitegietatik halako erabakiak etortzea. Baina aldi berean kezkagarria da oraindik egoera prekario horietan lan egiten duten langileak aritzea hezkuntzan. Martxoaren 8a igaro eta biharamunean, nola azalduko diegu gure seme-alabei haiekin egoten diren langileek ez dituztela beste langileen eskubide berberak? Esango al diegu emakumeak direlako gertatzen dela hori ziurrenik? Emakumeen Nazioarteko Egunaren ostean lantzeko eta gainditzeko irakasgai bat izanen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna