Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia 'Aurkitu da'

Publizitatea

Iritzia

HIZPIDEAK

'Aurkitu da'

 
Ades taldeko kideak, artxiboko irudian.
Ades taldeko kideak, artxiboko irudian. J. HERNAEZ / ARP

2016-10-21 / Mikel P. Ansa

Espeleologo baten galderak prentsaurreko baten aurrean. Hori izan zitekeen titulua, Mikel Laboak musikatutako Bertolt Brechten hitzak gogora ekarriz. Lan zikina egin eta gero ahaztu egiten dituztela etsita baitaude espeleologo talde asko, erakunde publikoek ez dituztelako aintzat hartzen.

Bizkaiko Diputazioaren urriaren 13ko prentsa oharraren titulua: «Aldundiaren ondarea kudeatzeko planari esker, Iberiar penintsula osoko grabatu multzorik harrigarrienetarikoa aurkitu da Bizkaian». Armintxeko leizeko labar arteaz ari zen. Aurkitu da aditza... trakets samar erabilia dago hor, eta ez soilik gramatikalki: aurkitu, norbaitek aurkitzen baititu gauzak, ez baitira berez aurkitzen, eta norbait horrek izena du kasu honetan: Ades espeleologia elkartea. Aldundiak ez zuen prentsaurrekoan aipatu talde horren lana. Oier Gorosabel taldekideak kontatu dio BERRIAri: «Haitzuloa ez zen existitzen aldundiarentzat. Zuloa topatu dugu, horretan setatu garelako». Alegia, espeleologo talde horren «setari» esker aurkitu dela Armintxeko labar artea, «Iberiar penintsulako harrigarrienetarikoa».

Kexa ez da soilik espeleologo talde horrena, eta ez da soilik Bizkaiko Diputazioarentzat; orokorra da espeleologo talde boluntarioen artean instituzioekiko. Gainera, Bizkaiko Diputazioak berak duela zenbait urte egin zuen lan bat, arkeologoak eta espeleologoak elkarganatuta. Lan horri esker etorri dira oraingo aurkikuntza batzuk —Armintxekoa, Atxurrakoa...—. Horregatik, ez da ulertzekoa lan boluntario hain garrantzitsua egiten ari diren taldeak eta pertsonak aipatu ere ez egitea aurkikuntzaren berri emateko orduan. Hurrengorako, justuago litzateke aurkitu dute esatea, eta ez aurkitu da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak