inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Gaixobidean

2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eskuliburukoa da Nafarroako agintariak Osasunbidearekin egiten ari direna: osasun publikoaren hedadura eta kalitatea murriztu —azken urteotan, eta krisiaren aitzakiarekin, nabarmenago—, zerbitzu eta eskumen ugari esku pribatuetan uztearekin batera.

Ospitaleetako janari zerbitzua enpresa pribatu baten esku utzi zuten, eta torlojuak ere azaldu dira gaixoen otorduetan. Ikerketa Opus Deiren Klinika Unibertsitarioaren gain utzi dute. Zortziehun langile gutxiago ditu Osasunbideak duela bost urte baino, eta horrek eragin nabarmena izan du nafarrek jasotzen duten arretaren kalitatean.

Paperik gabeko etorkinak osasun publikorik gabe utzi nahi izan dituzte, Auzitegi Konstituzionalak gobernuaren dekretua baliogabetu arte. Eta landa eremuko 170 herrik salatu dute jasaten duten ahanztura.

Eskuliburukoa da gobernuaren eta Marta Bera Osasun sailburuaren jokaldia. Krisia aitzakiatzat hartuta, osasun zerbitzuaren kalitatea kaskartu, zerbitzu oinarrizkoak esku pribatuetan utzi, eta herritarren artean osasun publikoaren gaineko ospeaz zalantzak zabalduta, gizarteak errazago galduko du osasun zerbitzu publikoaren gaineko fedea.

Hala, egoera hori iristen denean, eta Osasunbidearen porrot ekonomiko eta soziala agerikoa denean, irtenbide bakarra eskainiko dute egoera horretara bultzatu duten agintariek: enpresa pribatuen esku uztea, gaixoa senda dezaten. Diru askoren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.