Noiz sortua: 2015-04-19 00:30:00

HIZPIDEAK

Gasteiz, aldatzen

Kalejira, atzo, Gora Gasteiz Egunean.
Kalejira, atzo, Gora Gasteiz Egunean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Ordoñez Garmendia -

2015eko apirilak 19
Gora Gasteiz plataformak bere manifestuan jaso zituen lehen hitzak dira: «Gasteiz etengabe aldatzen ari den hiria da». Hilabete batzuk pasatu dira Javier Maroto alkatearen adierazpen xenofoboen harira, aniztasunaren, elkarbizitzaren eta eskubide sozialen aldeko mugimendua sortu zela. Hilabete gutxi batzuetan ekarpen handia egin du plataformak, atzo Andre Maria Zuriaren plazan elkartu ziren 7.000 lagunek erakutsi duten bezala, beste errealitate bat plazaratuz. Egindakoarekin eta parte hartu dutenek lanean jarraitzeko hartu duten konpromisoarekin agur esan du.

Ukaezina baita Arabako hiriburuan lana badagoela. PPk eskuin muturrera jo du, iazko Europako hauteskundeetako Gasteizko emaitzak errepikatzeko beldur (PP lehen indarra izan zen, eta EH Bildu 72 botora geratu zen), eta ikuspegi monokromo horrekin bat egin du Arabako ahaldun nagusiak ere aste honetan, kargudun publiko batengandik onartezinak diren adierazpen batzuekin.

Frauke Buettner politologoak hala dio gaur egunkari honetan: «Eskuin muturreko jarrerak ez dira ertzetan sortzen, erdian baizik». Ezinbestekoak izan da horregatik bost hilabete hauetan Gora Gasteiz. Hiri bat ezin delako izan boterea ez galtzeko boto ehizan dabilen politikariaren ontzia. Hiriak aldatu egiten dira, eta aldaketaren giltza herritarrek izan behar dute. Beti, aurrerantz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna