HIZPIDEAK

UPNren itzala

Jose Javier Esparza UPNko burua.
Jose Javier Esparza UPNko burua. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Petxarroman -

2016ko apirilak 24
Gobernua berreskuratzeko abiapuntua izatea nahi du UPNk gaurko kongresua. Ez baita erraza Nafarroan boterea hamarkada luzeetan (frankismoan barne) kontrolatu duen sektorearentzat, foru eskortatxoa-ren onuradunentzat, historiak eta gerrak desagerrarazi behar zituzten haien seme-alaba politikoak herrialdeko erakunde nagusietan agintzen ikustea.

Euskal Herriko gainerako probintziekiko bereizketaren aldarrikapen sutsuak eta euskararen aurkako diskurtso gordinak gidatu du UPN azken hamarkadetan, nabarrismo politikoaren beste aro historiko batzuetan ez bezala, portzierto. Baina jarrera horren atzean botere politiko-ekonomikoaren kontrol zorrotz ia erabatekoa ezkutatu da, inpunitate sentsazio osoz gidatua. Eta inpunitate sentsazio horrek berak eraman du UPN galbidera, ustelkeria giro orokor baten susmoaz gain, baldintza politiko zehatz batzuk batu direnean: krisi ekonomiko sakon bat, ETAren amaiera, PSNren amiltzea eta Ahal Dugu-ren sorrera.

Orain, boterea berreskuratzeko kontraerasoa hasiko du UPNk, jakinik bere itzal politikoa luzea dela, eta gobernuaren beraren politikak baldintzatzen dituela; esate baterako, euskararen alde egiten dituen urrats herabeetan edota Euskal Herriaren lurraldetasunaren alde faltan sumatzen zaizkion estrategia eta ekimenetan. UPNren xedea horixe baita: gobernua berreskuratu bitartean, guztiak jarraitzea bertan egongo balitz bezala: sakoneko aldaketarik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna