IRLEN SAREA

MEME berriak

Gorka Julio -

2015eko uztailak 16
Lankik antolatutako Autoeraketaren erronkak jardunaldietan izan naiz. Bertan Joan Subiratsek eman duen diskurtsoarekin %100ean ados nengoela sentitu dut. Oso gutxitan gertatzen zaizkit horrelakoak, baina gainera, azken urteetako eztabaida eta galdera askoren erantzuna baino, galdera egokiak kokatzeko balio izan dit.

Bere diskurtsoan, bereziki interesgarriak izan ziren teknologiaren ikuspuntutik hirugarren iraultza industriala deitu dionaren bueltan esandakoak. Bere planteamenduan, Internetek eta honek ekarritako komunikaziozein harremanen bitartekaritza paperaren aldaketak paradigma berri batean kokatzen gaitu.

Kapitalismoaren barnean ere, bere aurreko ereduekin lehiatzeko gai diren modeloak planteatzeraino ere iristen diren ereduak proposa daitezkeela erakutsi du. Hori bai, zenbait ezaugarri bete behar dira horretarako, garrantzitsuenak komunitatearen babesa eta baliabide komunen eraikuntza. Wikipedia eta GNU/Linux adibideekin ulertarazi nahi du ideia hori.

Lerro hauetan mila aldiz erabilitako adibideak dira, komunitateen garrantzia eta sare banatuen indarra, baina oraingoan diskurtso politiko-ekonomiko baten baitan ari da. Hori da beharbada nabarmenena, orain eredu horiek teknologiaz kanpoko eremuetan garrantzitsu bilakatzen ari direla. Nolabait, sareen erabileran eta horiek dakartzaten aldaketak ulertzen lehenak hackerrak izan baziren, hacker kulturako diskurtsoa dena bustitzera kondenatua dago.

Subiratsen diskurtsoaren planteamenduan, Internetek ekarritako aldaketek eta ekonomia eredu eraldatzaileak —bereziki kooperatibek— uztartzeko beharra nabaria zen. Aldiz, kezka orain arteko kooperatibismoak horrekiko zuen atxikimendu txikia. Ez da Kataluniako testuinguruan bakarrik gertatzen den fenomeno bat. Euskal Herrian ere, orain arte behintzat, horrela izan da.

Errelato berri baten beharra aipatu du. Baita orain arteko ereduak egunero markatzen dituen MEME indartsuak ere. Horien artean, nabarmenak, orain arteko ekonomia eredua naturaltzat hartzearena edota izakiaren indibidualismoaren aldeko joerak. Errelato oso bat baino, MEME biral txikiekin behintzat eraikitzeko aukera badugu, sareek behintzat aukera ematen dute horretarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna