EKOGRAFIAK

Helduon konplexuak

Jokin Labaien -

2017ko martxoak 24
Beste behin, haurren futbol partida bateko irudiak iritsi ziren joan den asteburuan kate gehienetako albistegietara. Partidako gertakari batek eztabaida piztu, eta gurasoak elkarri joka ageri ziren, basati. Hurrengo egunetan, arduradunen iritziek eta erabakiek hartu zituzten minutu gehienak. Gertakariaren muinean beti-betiko arazoak ageri dira: gizartean eta futbolean nagusi den biolentzia maila eta helduok haurrei ematen dizkiegun eredu eskasak. Irudiok aspaldikoak izan zitezkeen eta, aurrerantz joan ordez, atzerantz goazela iruditzen zait niri, nahiz eta eztabaida une jakinetan soilik jartzen den puri-purian. Gainontzean, futbolari loturiko gehiegikeriak neurrigabe ari dira puzten. Ez naiz egunerokoan duen presentziaz ari. Adibide konkretu batekin irudikatuko dut partida horretan gertatutakoa.

Duela hainbat hilabete, azkenengoz telebista kateak eguneratu nituenean, ezustean, Real Madril futbol taldearen katea agertu zitzaidan, beste askoren artean. Han geratu zen, urrunean galdu samar, sekula ikusten ez ditudan horiekin nahasian. Asperdurak harrapatzen nauenean, baina, haietara ere iristen naiz. Joan den astean, azkenengoz. Eta harri eta zur utzi ninduen ikusi nuenak. Real Madrileko benjaminen taldearen partida ematen ari ziren. Esango nuke zuzenekoa zela. Bi hizlariek lehen taldea ari balitz bezala egin zuten kontakizuna. Jokalari guztien izen-abizenak zekizkiten, estatistikak ematen zituzten, golak modu euforikoan oihukatzen zituzten... Denok izan gara benjaminak, eta Real Madril taldean jokatu ez dugun arren, badakigu adin horretan teknika eta estrategia gutxi eta gogo asko izaten duela jokalariak. Aurkezleen kontakizuna bestelakoa zen. Entrenatzailearen arbelean marraztuak balira bezala azaltzen zituzten haurren ahaleginak. Izu puntu batekin katearen webera jo, eta ohikoa dela frogatu nuen. Egiten dute benjaminetatik hasi eta lehen mailaraino. Egiten dute futbolean, eta egiten dute saskibaloian.

Egia da emankizun horiek oso ikusle datu txikiak dituztela. Dena den, haurrak helduak balira bezala aurkeztu eta izar bihurtuta edo kirolari —eta bereziki futbolari— halako presentzia eta tonua emanez, nekez lortuko dugu ariketa fisikoa eta jolasa sustatzea, neurriz. Horiek helduon konplexuak baitira, galtzaileak haurrak badira ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna