gorka julio
IRLEN SAREA

%0,1

2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Duela 11 urte, Euskal Herria 2.0 jardunaldietan, .eus domeinuaren sustapenerako lehen pausoak ematen hasi ziren, Donostiako Artelekun. Bertan, euskaldunon ekarpena sarean %0,01ekoa behar zuela izan aipatu nuen; bada hamar urteren ondoren, 2016aren amaieran, Interneteko edukien %0,01 inguru euskaraz dago sarean.

Kalkulu asko erabili daitezke neurtzeko, neurgailu fidagarriak lortzea zaila da, benetan zenbat eduki dagoen jakitea zaila den bezala. Bereziki Facebook bezalako tresnek milioika pertsona itxitura baten barnean sartzen dituenean. Hala ere, neurketak egin, egin behar dira, eta neurketa hori konparaketaz egin eta historiko bat daukan neurgailu nahiko ohiko bat erabiltzea da hoberena. Azken finean, hizkuntzaren hedapena ezagutzea garrantzitsua da, bereziki merkatu posiblearen ikuspuntu batetik begiratzen diotenentzat; W3tech da neurketa horietako bat —besteren bat ere erabil zitekeen—.

Datu horietan oinarrituz, gehien erabiltzen diren teknologiak, eduki kudeaketa sistemak, programazio lengoaiak... eta horien garapena ikus daiteke. Horri lotuta baita web edukiek, hizkuntza ezberdinetan izandako garapena ere, ehunekotan. Edukiei dagokionez, gehien erabiltzen diren hizkuntzak honakoak dira: ingelesa, %52,1; errusiera, %6,5; japoniera, %5,6; alemaniera %5,5; gaztelania, %5,1; eta frantsesa, %4,1.

Beste hizkuntza batzurekin alderatuz gero, katalanera 39. postuan ageri da, esloveniera, estoniera eta lituanieraren ondoren hurrenez hurren, baina denak %0,1en gainetik. Badirudi hor badela mugarri bat, kontutan hartzekoa izateko langa, edukiari begira eta tamainan interesgarri izaten hasteko.

Euskara, muga horretatik urrun dago: 46. postuan. %0,1 horretatik urrun dauden hizkuntzen zakuan sartuta, mazedoniera aurretik eta albaniera atzetik dituela. Zehazki %0,012 da euskarazko edukien agerpena sarean. Aldi berean, webguneen tipologiari begiratuz gero, gurean webgune handiak dira gure edukia hedatzen dutenak. Joera normala bada ere, gauzak aldatu nahi baditugu, eduki gehiago, leku gehiagotan eta ahal bada berrerabilgarria sortu behar dugu. Hurrengo urteetako erronkak ez dira makalak, baina %0,1 ahalik eta bizkorren eskuratzea behar luke izan erronketako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.