Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Denontzako kablea

Publizitatea

Bizigiro

IRLEN SAREA

Denontzako kablea

 

2017-06-17 / Gorka Julio

Edozein sare egituraren atzean, botere logika bat ezkutatzen da. Horixe da, gaur inoiz baino gehiago, Microsoften, Facebooken eta Telefonicaren eskutik kable transatlantiko erraldoi batek AEB eta Euskal Herria elkar lotzen dituenean presente izan behar duguna.

Kable horri buruz asko idatzi da. Gauza handiei filia izugarria dion gure telebista publikoak ere eskaini dio tarte zabal bat; jendartearen gehiengoaren adierazgarri diren sindikatuen kongresuek edo borroka sozial masiboek —erraldoiak direnean ere— tarte laburra izaten duten arren.

Nola irakurri, 160 terabit segundoko eta 6.600 kilometroko zilborreste honek, konexio azkarragoak izango ditugula esanez, batzuen sare-posizioa indartuko du. Aipatutako enpresek, azpiegituren alorrean, indarra eta kontrola eskuratu nahi dute sare bateko, nodo zentralagoak bihurtuz. Botere gerra baten erdian, ikusle, bezero asetu edo trukerako zenbaki izango gara, baina ezberdina izan zitekeen?

Egin denaren antzeko zerbait egin zitekeen, enpresa pribatuek gidatutako proiektu batean, baina lege publikoen bidez, domeinu publikoko lurrak eta baliabideak okupatzen dituztenei, erabilpen horietarako eta publikoetarako irekia izatera behartuz. Oztopoa: legedi horien eskumenak ez daude euskal instituzioetan (udaletan akaso ezberdina litzateke), estatuen esku baizik.

Bigarren aukera proiektu publiko baten garapena litzateke, ondoren ekimen pribatuaren kontzesioen bidez mantenduko litzatekeena. Aldi berean, erabilera komuna eta publikoa posible eginez eta arautuz. Agintaritza neoliberalaren sostengu politiko eza litzateke arazo nagusia.

Azkenik, ekinbide komunitarioetarik abiatutako aukerak daude, txikiak zirenak, baina gero eta handiagoak direnak. Legediaren txoko guztiak baliatuz edo irudimenez interpretatuz, benetako erabilera komun eta askotan publikoa bilatzen dute. Fibra inplantazio batzuk kenduta, irrati espektro libreetan Guifi.net edo LoRa (hedadura handiko eta potentzia baxuko) sareen garapenak adibide dira. Pedagogia gehiago eta jendea erakartzeko gaitasuna falta duten arren, gero eta sostengu gehiago dute. Hiru horietako edozeinek, oraingoak baino hobekiago, efizienteago eta unibertsalago egingo luke zerbitzua denontzat. Denontzat eta ez gutxi batzuentzat, hori da gakoa.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak