Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Negatiboegi

2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Tira, testu teorikoak alde batera utziko ditut gaurkoan. Bai eta gure telebista eredu, eduki estrategia eta hizkuntza politikaren gaineko iruzkin hutsa ere —bide batez, astean irakurri dut Gasteizen kartel erraldoiak jarri dituztela ETB2ko denboraldi berria iragartzeko; ETB1ekoaz, berriz, ezer gutxi—. Egin dudan laugarren ekarpena da honako hau, eta dagoeneko esan didate gertukoek negatiboegi ari naizela. Zutabe honen irakurleek behar dituztela proposamen berriak. Telebista sistemak bizi duen trantsizio garaiari ondoen egokitzeko programazio iradokizunak. Arazoei konponbide posibleak ematea, hain zuzen ere. Bada, uste nuen hori zela gure egitekoa. Lerro hauek baliatzea aparatu horretan ikus-entzuten ditugunak kritikatzeko. Ez dut modu txarrean hartuko, ordea. Horixe bera egin baitute zutabe honekin — irakurtzen dutenaren seinale, baina—. Proposamenik?

Eskozian ikus-entzunezko sistema ikertzen nabilenetik, atentzioa eman dit BBC Alba telebista katearen Bannan telesailak. Crish Young ekoizle eskoziarrak bultzatu zuen 2014an, hogei urte luzez gaeliko fikzio edukirik gabe pasa ondotik. Emakume gazte baten istorioa jorratzen du. Hain zuzen, nerabezaroan utzitako Highlands (Eskozia) jaioterrira itzultzen den unetik aurrera. Eszena guztiak Skye uhartean grabatuta daude. Bertako mikrokosmosa islatzeko helburuarekin. Alegia, eskoziar gaelikoaren komunitatea. Ikusle datuen arabera, gainera, ikusleak pozik daude —hizkuntza ez dakitenek ere telesaila jarrai dezakete ingelesezko azpidatziei esker—.

Ohikoa den bezala, istorioa da elementu garrantzitsuenetariko bat telesail batean. Beste bat nabarmentzekotan, adibidez, aktoreen lana aipatuko nuke. Hizkuntza erabilera errespetatzea nahitaez azpimarratu behar da ere. Ehun urteko literatur eta musika ekoizpenak erakutsi duen moduan, gaelikoak tradizio indartsua du istorioak kontatzen. Ondorioz, 60.000 lagun inguruk hitz egiten duten hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko, funtsezkoa da haren telebistan fikzioa izatea. Areago, pasa den ekainean lau urtez luzatu du Youngen produkzio etxeak BBC Albarekin duen produkzio kontratua. Hizkuntza minorizatuen kasuan, telesailaren kostu ekonomikoa fikzioa ez egiteko arrazoitzat jartzea nire kritika mereziko luke. Negatiboegi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.