Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Bestela... (I)

Publizitatea

Bizigiro

EKOGRAFIAK

Bestela... (I)

 

2017-09-14 / Jokin Labaien

Nahi izanez gero, telebista publiko bateko aurkezleak moztu diezaioke gona, guraizez, lankide duen beste aurkezle bati zuzeneko emanaldian, hura eta irudikatzen duen oro beste behin publikoki umiliatuz, inolako ondoriorik jasan gabe; ezjakintasun makurrez, gaiztakeriaz eta amorruz, albistegiko kaleko konexioan, kazetariak asma dezake gertatu ez den erasoa, sortu nahi den testuingurua elikatzeko; alderdi, erakunde zein hedabideek sor eta elika dezakete euskal kate publiko baten eta, bereziki, erreferentziazko euskaldun batzuen aurkako kanpaina, boikot eta jazarpen antolatua, gerora, isilpean epaileak funtsik gabea dela onartuko badu ere; nahi duenak, diruaren izenean, txertatu ahalko du oraindik garai zaharkituetan bizi garela frogatuko digun publizitate sexista, nahi duenero, nahi duen bezainbeste; edonork programatu ditzake eduki homofobo, sexista, klasista, arrazista eta, posible den heinean, are kaltegarriagoak normaltasunez, horien normalizazioa helburu; zentroa zentroan betikotu eta ertzak are ertzerago kondenatzeko informatuko da AEBetako hegoaldean urakanak utzitako kalteez, Mexikoko lurrikarak eragindako sarraskia bigarren mailako albiste bihurtuz, Bartzelonako kaleetako hildakoei Ekialde Hurbilekoei —ez dut izendapen horren benetako zergatia inoiz ulertu— baino balio handiagoa emanez; arduradun publikoei utziko zaie telebista publikoaren gaztelaniazko katea soilik iragartzeko dirutza xahutzen eta inor gutxik eramango ditu eskuak burura, gero baztertutako hizkuntzaren ahultasunaz erabat arduratuta agertu arren; kausa handiago baten mesedetan, onartuko da hainbat telebista saiotan emakumezko politikariak iraindu eta mespretxatzea, beste batzuen aurkako erasoak arazo nazionalak bihurtzen diren bitartean; posible izango da, dagoeneko inolako disimulurik gabe, manipulazioa muturreraino eraman eta errealitatea ezkutatzen eta eraldatzen saiatzea hainbat gairen testuingurua deformatuz, adierazpenak moztuz, fokua interesatzen den gunean soilik kokatuz eta albiste ez direnak albiste bihurtu eta albiste direnei albiste izaera kenduz...

Kontu txatxu bat, hala ere. Demokraziaren eta legearen izenean, Kataluniako telebistak ezingo du urriaren 1eko erreferendumaren berririk zabaldu aurrerantzean. Bestela...

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak