EKOGRAFIAK

Biluzik vs Biluztuta

Leire Palacios -

2014ko urriak 22
Adán y Eva programa berritzailea eta dibertigarria izango dela adierazi du Mediaseteko programazio arduradun Manuel Villanuevak. Gehiago esatera ausartu da: «Aurkezteko momentu aproposa da, eta arrakasta izango duen jakitekoa». Bat nator berarekin. Jesus Puentek gidatutako Su media naranja eta Lo que necesitas es amor programa mitikoak gainditu ezin zitezkeela uste izan genuenean agertu ziren Esta es mi gente bezalakoak bikotea topatzeko tartearekin. Kontuak askoz gehiagorako eman zezakeen, Mujeres y hombres y viceversa-k maisutasun negargarriz urteetan erakutsi digun bezala.

Villanuevaren hitzei berriz ere helduta, batetik, ezin uka daiteke Adán y Eva berritzailea dela. Paperean hamaika modutara kontatu digute, eta The Blue Lagoon pelikulan, esate baterako, gidoiaren menpe ziren hitzen artean bilatu behar genuen. Beraz, bai, Cuatroko saioak egiten duen bezala ez digute sekula kontatu. Bestetik, nola ez du arrakasta izango Adam eta Evaren ipuinak gizadiaren historia hasi zenetik funtzionatu baldin badu. Dena den, horrek ez du bestelako garrantzirik Espainia estatu akonfesionala delako. Eliza katolikoak bost axola du, horregatik badezpada, trinitate txit santuaren irakurketa modernoa islatzen duen formatua sartu digute. Alegia, maitemintzea, sexua praktikatzea eta ezkontzea, hirurak objektibo amoroso bakarrean bateratzearen kontua.

Tabuak apurtzeko baino gehiago, horiek indartzen dituen programa da, gizakiaren biluzgorritasuna ez baita naturaltasunez lantzen, kontrakoa saldu nahi badigute ere. Formatuari balio erantsia eman nahi dion eragile morbosoa baino ez da. Bestalde, tankera honetako programek urteetan zabaldu dituzten eredu hegemonikoak iraunarazteko diseinatuta dago. Baina ez hori bakarrik, heteronormaren inposizioa suposatzen du gorputzaren merkantilizazioa dela medio.

Gorputza biziduna da eta bizitza sortzen du, horrela izan dadin, gorputzak hainbat alorretan pasioak loratu behar ditu eta horiek egikaritzeko balio digu. Borrokarako daukagun oinarrizko tresna da. Hori dela eta, ordena mantentze aldera botereak araututako kulturak ezinbestean erreprimitu duen territorio pertsonala da. Eta eredu telebisibo horri jaramon eginda izaten jarraituko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna