Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Teknopolis

2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zientziaren ardatzean biraka egiten duen Teknopolis saioa Euskal Telebistako bi kateetan ikus daiteke. Astero, larunbatetan, 13:30etik aurrera ETB1en, eta igandeetan, 09:30etik aurrera, bigarren katean. Ordutegi horietaz gain, bada saioak gehiagotan ikusteko aukera, ez soilik nahieran edota Teknopolis saioak berak daukan webgune propioan, baizik eta Euskal Telebistak eskaintzen dituen bestelako emanaldietan. Bakarra izango da, eduki berarekin ehundutako programa bi kateetan ikusgai dagoena. Euskal Herriko hegoaldetarrok euskaraz zein espainolez jarraitzeko aukera daukagun arren, euskaraz du asteko estreinako emanaldia, Gaur Egun-aren aurretiko ordu erdian. Euskarazkoa azpidatziekin izan beharrean, espainolez da ETB2koa.

Bada, telebista publikoak Elhuyar fundazioarekin batera ekoitzitako programa beharrezkoa du gure telebistak. Berebiziko garrantzia baitu gure eguneroko bizitzan inguratzen gaituzten zientzia eta teknologiak ezagut ditzagun. Eta, alde horretatik, gure telebistetan hamabost urte baino gehiago daramatzan Teknolopolis-ek lan handia egin du, gaiak sakonki aztertu eta ikusleok hausnartzeko parada izan dezagun, ulermen aldetik kontzeptuak arrotzak egiten bazaizkigu ere. Are gehiago, otsailean Tecnaliaren eskutik jaso zuen ondo merezitako kazetaritza saria programak. Jarraitzeko errazak diren 30 minutuko saio dinamikoei esker.

Berezia izan zen aurreko asteko emanaldia. Ekainaren bigarrengoan banatu zituzten ON Zientzia sariak. Bosgarren aldi honetan, Donostia 2016ko egoitza erabili zuten zientzia dibulgazioa ardatz duten ikus-entzunezko piezak saritzeko. Iñaki Leturia Teknopolis-en aurkezleak gidatutako sari banaketa izan zen, eta baliatu zuten saritutako piezak telebistan emateko. Beraz, martxan izaten duten argazki lehiaketarekin saioan parte hartzen dutenetatik at, oraingoan ikusle potentzialek ere lagundu zuten saioa josten. Edateaz gain, bolo-bolo dabilen garagardo artisauaren erabileraren bat edo beste ezagutu nahi baduzue, saioa berriz ere ikusteko aukera daukazue.

Lasaitua ere hartzen da Teknolopolis-en aurrean paratzean; bada telerrealitate txatxutik at, edo ez ezik, beste zenbait interes emankorragoak dituzten gazteak. Bada esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.