Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Distantziak

2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Telebistak gizartean bezainbeste eragiten du gizarteak telebistan. Ez dakit nor ote doan aurretik. Garai batean, hainbat gai tabutako protagonistei ez zitzaien aurpegirik jartzen telebistan. Normalean, ez zuten haien bizipenik kontatzen. Hala egitekotan, bizkarrez, iluntasunean babestuz eta ahotsa distortsionatuta agertzen ziren pantailaren aurrean. Geroago, gai arantzatsu gisa aurkezten zizkiguten hutsalek hartu zuten protagonismoa—besteak beste, arratsalde erdialdeko emanaldi arrakastatsu horietan—. Bazirudien telebistan agertzearren edozer esango lukeen jendearen artean egiten zituztela casting-ak.

Gaur egun, eskertzekoa da hainbat pertsonak beren kontakizunak, xume eta umil, benetan, kontatzeko hartzen duten ausardia. Gero eta gehiago dira, asko falta diren arren. Hainbat gai gizarteratzeko ezinbesteko bilakatzen ari dira.

Pertsona sentiberatzat dut neure burua. Erraz hunkitzen naiz. Maiz, gizartea bezala, telebistako edukia etsigarri zaidanez, murru gogorrak eta garaiak jarrita ikusten dut telebista. Mesede bezainbeste kalte egiten didate babes horiek, badakit, baina saio edo albistegi asko ezin izango nituzke ikusi, bestela. Astearte gauean, aspaldiko partez, minutu gutxian erabat erori zitzaizkidan autodefentsa mekanismo guztiak. Indartsua izan zenUr handitan saioaren azken atala, elikadura desoreken ingurukoa. Jo egin ninduen hasierako istorioak. Babesik gabe utzi. Protagonista gehiago aurkeztu ahala, txikitu egin ninduen. Akabo distantziak. Ez nuen espero haietako bat ezaguna izatea. Hain zuzen ere, hainbat urtez, harreman jarrai samarra izan genuen. Han ari zen bere esperientzia kontatzen. Itolarria sartu zitzaidan, izan ere, ez nekien gaixo zenik, eta zer pentsatua eman zidan. Nola eta zenbateraino lagundu ote dut nik bera eta bera bezalako gehiagoren gaixotasunak areagotzen? Zein rol jokatzen dut nik, gaur egun, gizarte gaixo honen zurrunbiloan? Zenbateraino deskuidatzen naiz inertziari eskutik helduta gaia esplizituki presente ez dagoenean? Horretan ere asmatu zuten saioaren egileek: arazoa kolektibo egiten. Normalean, elikadura desorekak lantzen direnean, gizarteari, inpertsonala den horri egozten diogu erantzukizuna. Inori. Asteartean, arazoaren erantzule sentiarazi ninduten, errudun bihurtu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.