gorka julio
IRLEN SAREA

#NiEreBaionara

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hau irakurtzen ari zarela jada gertatu da edo gertatzear da Euskal Herriaren etorkizunerako pauso garrantzitsu bat, ETAren armagabetzea. Etorriko dira horren ostean zailagoak eta konplexuagoak diren erronkak ere. Baita estrategia bateratu berriak eraikitzeko aukerak ere, noski. Eguna handia izango da; batzuek hedabideen bidez jarraitu ahal izango dute, baina bertaratzeko aukera izango dugunok ere gure ikuspuntua emateko aukera badugu.

Errelatoa edo Kontakizuna letra larriz idatzi ohi da, baina letra txiki askoz osatuta balego? Handia dena ekarpen ezberdin askoren batura balitz? Ikuspuntua ezberdina litzateke orduan, ezta? Agian galderak beste era batera egin beharko genituzke, adibidez: Nork idatzi behar du orduan nire zatia?

Bakearen artisauen ekimena ekarpen handia izan da, gauza askogatik. Baina baita Hegoaldeko askorentzat, behintzat, bereziki Iparraldean eman den eta ematen ari den mugimendua ezagutzeko. Mugak lausotu dira une batez, komunitatea estutu da, eta sarean ere horrela izan da. Gauza askotan urrun jarraitzen badugu ere, erreferentzia berriak ditut Twitterreko denbora lerroan: Kanaldude, Mediabask eta abar.

Eguneko irudiak, audioak, bideoak, kontakizun labur eta luzeak... publikatzeko, gure kontakizuna egiten hasteko egun aproposa izan daiteke. Blogak, sare sozialak edota ikus-entzunezko kanalak martxan jarri, jarraitu eta elikatzeko eguna. Mugak lausotu arren, oraindik orain XXI. mendeko Europan, roaming-ak existitzen jarraitzen duela konturatzeko balio behar badu ere.

Egunarekin soilik geldituko ez bagina, hobe. Etorriko baitira une gehiago, erronka gehiago, bakoitzak jada dituenekin batera kontatzeko modukoak. Egun batera mugatzeak ez luke zentzurik. Sarea gure egin behar dugu, nahi duguna plazaratu eta etorkizun mugagabeak amestu.

Egunaren bukaeran sarea, norbanakoez osatutako kolektibo handi baten istorioz josita izango dugu. Horiek jasota geldituko dira eta horiek ere —batzuek nahi ala ez— kontakizunaren parte izango dira, historikoak alegia.

Nabarituko zenuten honez gero, baina zutabe honek ez du kontakizun hutsa izan nahi, dei bat ere bada. Historia beti irabazleek idatzi badute, idatz dezagun, idatziko ez badigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.