EAJk eta EH Bilduk diote lagundu behar dela ETAren desarmatzean
Joan den astean Miarritzen egindako polizia operazioaren inguruan ETAk Gara egunkarian atzo kaleratutako agiriak erreakzio soka luzea eragin du. Izan ere, ETAk salatu du polizia operazioa «armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzena» izan dela eta Espainiako Gobernuak (PP) duen «krisi sakonarekin» lotura dutela operazioko atxiloketek. Eusko Jaurlaritzak, PSE-EEk eta PPk desegiteko eskatu diote ETAri; EAJk eta EH Bilduk, berriz, adierazi dute lagundu egin behar dela haren desarmatze prozesuan.
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak uste du politikariek «erantzukizunen bat» badutela desarmatze prozesuan, garai hori «itxi» behar dutelako. Hala, «iragana» behar bezala ixten dela bermatzeko «ekintza protokolo bat» ezarri behar dela esan du. EH Bilduk azpimarratu du ezinbestekoa dela erakundeak ETAren armagabetzean engaiatzea, eta, besteak beste, armak zigilatzeko «plangintza ordenatu bat» eskatu du Oskar Matute legebiltzarkideak.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak mezu bakarra igorri dio ETAri: «Armagabetu egin behar du, eta berehala desegin». Jose Antonio Pastor PSEko eledunak, ETA desagertzeko eskatzeaz gain, baztertu egin du «armagabetze hitzartu bat» abian jartzea. Borja Senperrek (PP), berriz, armak non dituen esateko eskatu dio ETAri.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.