Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN 

Entzimak

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Duela aste pare bat estatuko komunikabideetan oso ezaguna den emakume bat entzima miragarri batez mintzo zen. Entzima miragarri horri esker dieta osasuntsua eta gorputz liraina lortzen da. Biokimikari ospetsu batek, ordea, entzimez zekiena argi azaldu zionean, ez zuen erantzun goxorik jaso, bere gorputzaren gehiegizko pisuarekin sartu baitzen. Eta horrek eman dit gaurkoa idazteko bidea.

Zer dira entzimak? Entzimak proteinak izan ohi dira, hau da, aminoazidoz osaturiko kate luzeak. Eta zein da haien egitekoa? Nekez edo oso motel gertatuko litzatekeen erreakzioa bizkortzea edo ahalbidetzea. Katalizatzaileak dira. Erreakzio kimiko arruntetan askotan nahiz balantze energetikoa aldekoa izan (produktuek energia baxuagoa dute erreaktiboek baino), erreakzioak oso mantso gertatzen dira, edo are gehiago ez dugu ikusten gertatzen direnik ere. Zergatik? Hasierako egoeratik bukaerakora pasatzeko bidean energia tontorra egon daitekeelako, eta erreaktiboek bultzadatxo bat behar dute tontor hori igarotzeko. Katalizatzaileek erreakzioan parte hartzen badute ere, bukatutakoan berreskuratu egiten dira, eta horrexegatik oso kantitate txikia behar izaten da. Entzimak, beraz, katalizatzaileak dira, baina erreakzio biokimikoetan parte hartzen dute soilik. Eta gainontzeko katalizatzaileekin alderatuta, askoz ere espezifikoagoak dira, hau da, erreakzio jakin bat ahalbideratzen dute soilik, eta gehienetan besterik ez. Zientziatik urrunago daudenek askotan uste dute geuk erabiltzen dugun hizkuntza ulertezina dela, baina ez da horrela  inondik inora. Hizkuntza sistematikoa erabiltzen dugu, eta horren adibide, hain zuzen ere, entzimen izenek ematen digute. Adibidez almidoia (karbohidrato luze bat) unitate txikiagotan apurtzen laguntzen duen entzima amilasa izango da, eta zelulosa (beste karbohidrato luzea, belarrean dagoena) degradatzen lagunduko duena zelulasa izango da. Beraz, -asa atzizkiak entzima baten aurrean gaudela esaten digu, eta aurretik dagoen erroak zer erreakzio ahalbideratzen duen.

Eta honi lotuta saltokietan aurkitzen den laktosarik gabeko esnea datorkit burura. Gizaki batzuek ez daukate esneak daraman laktosa (bi monosakaridoz osaturiko disakaridoa, glukosa eta galaktosa) apurtzeko behar den entzima, hau da, laktasa, eta, horregatik, esne osoa hartutakoan arazoak izaten dituzte. Eta nola kentzen diote, bada, laktosa azukre hori? Bada, ez zaio laktosa kentzen esneari, laktasa entzima gehitzen zaio, ordea. Entzima horrek laktosa apurtzen lagunduko du, eta esneak ez dio kalterik egingo entzima horren faltan zegoenari. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.