Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Beste batzuen egun handia

Publizitatea

Kultura

Beste batzuen egun handia

Bero kalean, eta bero barnean. Bertsolariek ez ezik, 1.300 bertsozalek giro paregabea paratu dute Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Finalisten lagunek irudimenez jositako pankartak egin dituzte
Giro beroa sortu zuten atzo bertsolariek eta zaleek.
Giro beroa sortu zuten atzo bertsolariek eta zaleek. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-04-09 / Iker Tubia

Nork bere zaletasunak, irrikak eta sentimenduak. Nork bere modura bizi eta kudeatzen ditu egunak. Egun historikotzat jo dute apirilaren 8a, eta hala izan da. Kontua da, nork bere modura izendatu dezakeela eguna historiko. Hedabideen foku nagusiek Baiona argitu duten bitartean, lekukoak eskuz esku Iruñerako bidea egin bitartean, 1.300 bertsozale Nafarroako Bertso Txapelketako finala ikustera joan dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegira.

Finalean ez dira faltatu apirilaren 8ko beste jarduera garrantzitsuen erreferentziak. Oholtza gainean, txapelaren azpian, Korrikaren petoa; euskararen aldeko lasterketa hizpide izan dute zortziko txikian Xabier Maiak eta Eneko Fernandezek. Ez da erreferentzia bakarra izan. Hainbat bertsolariren ahotan aditu da Baiona. Xabier Terrerosek: «Irrino batez esanen dugu, ni Iruñean egon nintzen». Xabier Maiak ere, agurrean, Iruñeko erraldoiek agurtzeko erabili ohi duten Polonesa melodiarekin, eta ikusleen txaloen erritmoari jarraiki.

Handia da Anaitasuna, eta harmailen erdia egokitu dute finala ikusi nahi izan dutenentzat. Toki horiek Nafarroako hainbat txokotatik heldu diren zaleek bete dituzte, baita beste herrialdeetako batzuek ere. Harmaila erdia, baina zalaparta betea. Zortzi finalistak eta gai jartzailea oholtzara igotzean txalo zaparrada gogotik aditu da izkina guzietan.

Ikusleek probisiorik ez dute falta izan. Janaria eraman dute askok poltsetan, eta baten batek hozkailu txikia ere bai. Eta edozein finaletan falta ezin diren pankartak ere eraman eta goi-goian paratu dituzte, bertsolariek ez ezik, ikusle denen bistara egoteko. Julio Soto kubatarrez jantzirik ageri da batean,marakak eskuan. Juliogans-ek sinatu dute. Beste batzuek harro idatzi dute atzo, gaur eta beti izanen direla terreristak, poliziak begiak Baionan izanen zituelakoan.

Burua dantzan jarri dute zaleek, eta hitz jokoak izan dira nagusi mezu gehienetan. «ExtraTERREstre, txapela uni-bertso-ra». Sakandarrak ere fin ibili dira buruari bueltaka: «DagoENEKOan txapelduna zareLAZKOZ. Eman egurra». Karrika zaleak, berriz, errima librean aritu dira: «Ika, ika, ika, hemen dago Aimar».

Mezuetako txantxak gora behera, animoak bene-benetakoak izan dira saio osoan. Txalo anitz jo dute ikusleek, eta hainbatetan irriak izan dira tarteko. Batik bat zortziko txikian; ikusleek irribarrea ahotan espero zuten algara botatzeko tenorea.

Isiltasuna joan-etorrian

Eta gero isiltasuna, bertsoak pentsatu bitartean. Eta isiltasun erabatekoa, bakarkakoetan. Baina mugimendua ere bai, dagoeneko bi ordu igaro direnetik aurrera, etengabekoa izan baita komunerako eta tabernarako joan-etorriak. Buruz burukora pasatutakoen izenek kalapita handia sortu dute, animo kanturen bat tarteko. Azken kartzelak goritu, eta Lucia Goñik Julio Sotori txapela janzteko uneak lehertu du giroaren termometroa. Sotoren agurrak Anaitasuna zutitu egin du salto batez, eta hainbati malkoak paratu dizkio begian behera. Hau ere egun handia izan da beste batzuentzat.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak