Albistea entzun

Iritsi da Bardeako tronu jokoa

Gaur estreinatuko du HBOk 'Game of Thrones' telesaileko seigarren denboraldia. Eszena batzuk Nafarroan grabatu zituzten, irailean
Bardean (Nafarroa) iazko irailean egin zituzten grabazioetako irudi bat. Ehunka nafar figurante gisa aritu ziren.
Bardean (Nafarroa) iazko irailean egin zituzten grabazioetako irudi bat. Ehunka nafar figurante gisa aritu ziren. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2016ko apirilak 24

Munduko telesai entzutetsuenetako batek Nafarroako hegoaldearen zaporea izango du bere seigarren denboraldian, iazko irailean hainbat eszena Bardeako parajeetan grabatu baitzituzten. Gauean estreinatuko du HBO kateak Game of Thrones -en denboraldi berriko lehen atala —Euskal Herrian biharko 03:00ak izango dira—. Canal+ ordainpeko kateak bihar, 22:30ean, emango du berriz estreinako atala.

Hainbat faktoreren eraginez, arreta handia piztu du seigarren denboraldiaren estreinaldiak. George R. R Martinek idatzitako A Song of Ice and Fire liburu sorta orain arte telesailaren aurretik zihoan, eta, horrenbestez, jarraitzaileek bazekiten tramak nondik nora joan zitezkeen. Baina Martinek ez du liburu gehiago argitaratu 2011. urtetik, eta seigarren denboraldiak ez du pareko libururik. The Winds of Winter (Neguko haizeak) seigarren liburua amaitu gabe du idazleak. A Song of Ice and Fire sorta 1996an hasi zuen Martinek. Bost lan argitaratu ditu, seigarrena laster iritsiko da, eta zazpigarrenarekin bukatuko da sorta, A Dream of Spring izenekoarekin (Udaberriko amets bat).

Amaiera ez dago urrun

Liburu sorta amaituko den moduan, telesailaren bukaera ere gertu dagoela adierazi dute berriki David Benioff eta D. B. Weiss ekoizpenaren arduradunek. Seigarren denboraldiak hamar atal izango ditu, eta, atal horien ondoren, beste bi denboraldi labur gera daitezkeela iradoki dute: zazpigarren denboraldia, zazpi atalekoa, eta zortzigarrena, azkena, sei atalekoa. Hori hala balitz, Game of Thrones-eko hamahiru atal baino ez lirateke geldituko grabatzeko. Gidoilariak atal horietan ari dira lanean. Dena den, Benioffek eta Weissek ohartarazi dute ez dagoela erabateko ziurtasunik telesailaren amaieraren inguruan.

Seigarren denboraldian ikusiko denaren inguruan, bestalde, asko hitz egin da, eta susmo asko argitaratu dira azkeneko hilabeteetan. Jakinekoak dira bosgarren denboraldiaren azkenak utzi zituenak: Jon Snowen irudia elurretan, odolustutzen ari zela; Stannis Baratheonek Winterfellen egindako erasoa, eta haren ondorioak; Meereenen Daenerys eraso batetik nola libratu zen, Drogon dragoiari esker. Denboraldi berrian, pertsonaia eta agertoki berriak azalduko dira. Pertsonaia horiek jokatuko dituzten aktoreen artean izango dira, besteak beste: Max von Sydow, Ian McShane, Freddie Stroma, Richard E. Grant eta Pilou Asbaek.

Atal berrietan protagonismo berezia izango du Melisandre apaiz emakume misteriotsuak —Carice van Houten aktoreak jokatzen du rola—. Bosgarren denboraldiaren bukaeran, Melisandrek Baratheon erregearen alaba Shireen bizirik erre zuen. Ondorioz, Baratheonen gorroto guztia Melisandrerentzat izango dela aurreratu du aktoreak.

Amaiera gertu dago, beraz. Baina Martinek iradoki du telesailaren spin-off bat egin daitekeela, gertakizunekin beste hamaika istorio konta daitezkeelakoan.

Ondorioak Nafarroan

Erakusleiho handia da Game of Thrones. Milioika eta milioika jarraitzaile fidel ditu mundu osoan. Horrenbestez, telesailean Bardea agertzeak eragina izan dezake aurrera begira Nafarroako hegoaldeko turismoan. Ikuskizun.

Iazko udazkenaren hasieran eragin zuzena izan zuen telesailak inguruko ekonomian. Irailaren 20tik 25era egin zituzten grabaketak, eta egun horietako filmaketa prestatzeko hilabete oso bat eman zuten. Bardeako Komunitateko Batzarrari kanona ordaindu behar izan zion ekoizpen etxeak. Hoteletan, otorduetan, catering zerbitzuetan, pabiloien alokairuetan eta atrezzoari lotutako enpresetan, horietan guztietan izan zuten eragina grabaketek.

Mila lagunek parte hartu zuten iraileko grabaketetan. Haien artean 400 estra zeuden, Tuteran egindako hautaketa proba batean aukeratutakoak. Facebooken talde bat sortu zuten estretako batzuek, grabazioetan izan zirela gogoratuz.

Seigarren denboraldian, Herrialde Katalanetako irudiak ere ikusiko dira. Grabaketak egin zituzten, iaz, Gironan eta Peñiscolan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.