Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Ohe banatan

Agus Perez -

2017ko ekainak 2

Madrigal eszenikoak

Konpainiak: Khea Ziater eta Kabia. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Egunak: Maiatzak 19 eta 30.

A rriagako Gelatxoak atalean bertoko konpainia bi gonbidatu dituzte maiatzean, Monteverdiren madrigalak konpainia bien lan eszenikoekin uztartuta.

Khea Ziater aritu zen hilaren 19an, eta Alex Gerediagak aspaldi hartutako norabideari jarraikiz, zinema eta antzerkia elkartu ziren agertokian. Aldi berean, Segreto a voci ahots-taldeak alboetako palkoetatik eman zion kontrapuntu baltsamikoa eszenan eta pantailan gertatzen zen kontakizun ilunari.

Emakume protagonistak (Arrate Etxeberria) besaulki patioko pasillotik sarrera ederra egin ostean ohea hartu zuen bizileku, eta haren inguru desolatuan hozkailu bat eta idazmahaia izan zituen lagun. Mikel Somiñonaren testu delikatua ederto uztartu zen atzeko pantailan zuri-beltzean proiektatzen ziren irudi artegagarriekin, eta haien bitartez jabetu ginen emakume haren etsipen infinituaz. Na Gomesen agerraldi isil bakanduek beste elementu bat gehitu zioten panorama enigmatikoari eta proposamena bere punturik gorenera heldu zen zuzenean hartutako bideo-irudiak elkarrekintzan ibili zirenean antzezle bien lan orbangabearekin. Zalantzarik gabe, aspaldiko NOT (Never on Time) lanaren garapen bikain honek merezimendu osoz kokatzen du Khea Ziater gure arte eszenikoen erdigunean.

Maiatzaren amaieran bete du bigarren atala Borja Ruizen Kabia taldeak, eta emakume protagonista ostera ere agertu da ohe batean etzanda, baina Duermevela izeneko emanaldia aurrekoaren kontrako bideetatik ibili da. Lehen piezan iradokizuna eta kontzeptu subliminalak nagusi izan baziren, oraingo honetan literaltasun erabatekora igaro gara Monteverdiren madrigaletako hitzen interpretazioan, eta horrek parada eman dio zuzendariari bere estiloko elementu eszenikoen demaseko erabilerari ekiteko.

Gauzak horrela, paper handi tximurtuez estalita agertu da eremu eszenikoa, eta haien gainean kokatu dira ohea, hozkailua, konketa, bainuontzia, lanpara eta komun-ontzia. Sei interpreteen artean izen interesgarri batzuk aurkitu ditugu —Ane Pikaza, Iosu Florentino, Natxo Montero...— eta hitz poetikoak irudi bihurtu nahian arrosak atera dituzte aurpegi zurbiletako ahoetatik, beltz koloreko esnea eta gorri koloreko fluido bat edan dute, hegal beltzekin agertu, confetti-euria jaso eta bainuontziko likido beltzean bainatu dira. Hiru globo handirekin agertu da emakume edadetua, eta euritakoak bi eratakoak izan dira: bata luma beltzez betea eta bestea ke-lainoz eta zuhaitz-adar askorekin hornitua. Abaniko beltzek haizatu dituzte balde beltzetatik irtendako lumak, eta haiekin estali du Monterok bere gorputz-enborra. Ulertzekoa denez, zalantzazko ikuste-efektuen ugaritasun itogarriak ez du irudimenerako batere lekurik utzi eta antzezleen zein dantzariaren ahalegin estimagarriak ezin izan dira portu onera iritsi, erotismo eta pornografiaren arteko deman bezala, irudien ebidentzia iradokitzearen kontra bihurtzen delako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Penelope Cruzek eman zion Donostia saria Marion Cotillardi. ©GORKA RUBIO / FOKU

Besarkada handi bat zinemari

Mikel Lizarralde

Pandemia gainditzeko gogoak eta itxaropenak ardaztu dute Donostiako 69. Zinemaldiaren hasierako gala. Marion Cotillardek Donostia saria jaso du. Bertrand Tavernier eta Luis Gasca omendu dituzte
Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 17a
Zhang Yimouren filmaren fotograma bat. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Pelikula baten atzetik

Ainhoa Sarasola

Zhang Yimouren 'Yi miao zhong / One Second' filmarekin hasi da Donostiako 69. Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehia. Carlos Saurak zuzendutako labur bat ere eman dute inaugurazioan, lehiaz kanpo

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.