Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

IRITZIA

Zer (ez) den euskal kritika

Iban Zaldua - Idazlea

2015eko apirilak 8

Ibon Egañaren Izan gabe denaz. Hogeita hamar urte hedabideetako literatur kritikan liburua egilearekin berarekin, Iratxe Retolazarekin eta Leire Lopez Ziluagarekin mahai inguru batean aurkeztu ondoren, Donostian, bururatu zitzaidan euskal kritikagintza definitzeko agian zuzenago dela, zer den edo zer izan daitekeen eztabaidatzea baino, zer EZ den azaltzen saiatzea. Eta Gasteizerako itzulerako autobusean zerrendatxo bat osatu nuen mentalki. Ahaztu ez dudana, artikulu honen irakurlearen zorigaitzerako. Hauxe da:

Euskal kritika ez da gure komunikabideei bereziki interesatzen zaien sail bat. Ez dute sustatzen ibilbide luzeko kritikorik, ez dira arduratzen kritiko txar batek astez aste testu irenstezinak sinatzen baditu ere —gogoan hartu zein luze eutsi zion Gara-k olerki liburuak apenas aipatu gabe olerki liburuak iruzkintzen zituen kritiko hari—, kritiko berdina berrerabiltzen dute —hori da Vocento taldeak azkeneko urteetan bultzatu duena El Correo-n eta DV-n: medio bakoitzak bere kritiko propioak izatea gaiari ematen zaion garrantziaren isla iruditzen zait—, asteroko kritikaren gutxieneko usadio osasuntsua abandonatu dute —Deia-k eta Gara-k, helduen literaturari dagokionean behintzat—, zentsura ezartzen dute edo ez dute kritikoa erasoen aurrean babesten —gogoan hartu Maider Ziaurrizen, Aritz Galarragaren edo Ibon Egaña beraren kasuak, BERRIAn eta Gara-n—. Ados, toki guztietan egin du behera kultur gehigarrien lodierak —BERRIAn ezik, akaso— eta, horrekin batera, kritiken ugaritasunak eta luzerak. Baina inon ez da gehiago nabaritzen lehendik alor hori ahula zen leku batean bezainbeste.

Tira: truke-balio handiagoa zukeen jarduera balitz, agian aintzagotzat hartuko lukete. Baina kontua da euskal kritika ez dela, inolaz ere, aberasteko bide bat. Mundu osoko kritika bezala, gaizki ordainduta dago —diruz behintzat—, eta horri euskalgintzaren sarrera-eredu estandar berez apala eta aberriaren-alde-ari-naiz sindromea gehituz gero... Ez pentsa, dirutan ez ezik, maitasunean ere eskas ordainduta dago, globo osoko kritika bezala hori ere, nahiz eta euskal kritikoak baditu, alde horretatik, aringarriak eskura: kritika negatibo gutxi edo, ahal dela, batere ez argitaratzea. Kontrakoa eginez gero ondo dakielako kritika ez dela adiskideak egiteko edo mantentzeko modu bereziki eraginkorra.

Izan ere, euskal kritika ez da liburuen kalitateaz informatzeko bide bat, oro har, ez behintzat kritika positiboen edota gatzgabeen masibotasuna kontuan hartzen badugu. Ez kazetaritza mailako kritikan —horixe da, hain zuzen ere, Egañaren ikerketaren interesgunea—, eta are gutxiago kritika akademikoan, soziologia, psikologia eta antropologiaren arteko nahaski bat egitean gero eta interesatuagoa dirudiena eta zeinarentzako, ondorioz, maila berean koka baitaitezke hala Bernardo Atxaga nola Jon Arretxe, hala Toti Mnez. de Lezea nola El Caserío zarzuela, hala Goenkale nola Materraren Doctrina christiana (The Director's Cut). Eta, ahal dela, hori guztia eta gehiago batera mordoilatuta, baldin eta ikertzailearen helburura iristeko baliagarri bada —testu-kritika…? Kanona…? Kanon alternatiboa…? Mesedez: zer da hori...?—.

Horrela, egia esan, euskal kritika ez da bihurtzen mailaketak egiteko bide aproposena, berdin dio irakurlea —interesa izan dezakeena, akaso, mesanotxerako liburuaren hautaketan— edo irakaslea —DBHko bere ikasleekin ez duena errepikatu nahi, agian, aurreko urtean klaustroak gauzatutakoa, gaztelaniazko eskoletan Fuenteovejuna agindu zielarik, eta euskarazkoetan, aldiz, Kutsidazu bidea, Isabel— mailaketa horren bila badabiltza gose eta egarri... Kasu: ez naiz esaten ari Joxean Sagastizabalen lana txarra denik, baina onartu behar da ez dagoela Lope de Vegarenaren maila historiko eta literario berean... eta ez dakidala, ondorioz, ikasleak seinale kontraesankorrak jasotzen ari diren gaztelaniazko eta euskarazko lanen balio erlatiboari buruz —adibidea erreala da, eta ez bakana, tamalez—.

Areago, euskal kritikan, askotan, ez dago alderik —edo gero eta alde gutxiago dago— oinezko kritikaren eta unibertsitate mailako kritika garaiaren artean, beste une eta esparru batzuetan ohikoagoa gertatzen zen bezala. Bien arteko mugak geroz eta lausoagoak direla esango nuke: kritika arrunta, kritikaren intelektual organiko-zibernetiko gisa aritzen den Kritiken Hemerotekaren bitartez nagusiki, produkzio-kate akademikoaren oliobide nagusienetako bat bihurtu da azken urteotan. Eta kritika akademikoa, bestalde, gero eta presenteago ageri da, bere ordezkarien bitartez, egunkarietako kritiketan, aurretik nagusiago ziren idazleak edo kritiko amateurrak ordezkatuz: horrek, oro har, kritiken kalitate teknikoaren maila hobetu du, baina beldur naiz eremu horretara ez ote dituen, hein batean, isuraldatu ikasketa kulturalen efektu oro har berdintzaileak.

Horrekin lotuta, inpresioa daukat —agian erratua— euskal kritika ez dela idazle jarduerarekin bateragarria, edo, behintzat, gaizki ikusten dela idazleak kritiko lanak ere bere gain hartzea; garai batean, ordea, normalagotzat hartzen zen idazleen lan kritikoa: «Zertarako sartu sasibide horretan? Zer irabazten duzu...?». Kurioski, aurreiritzi hori ez zaio aplikatzen liburuen aurkezpenei edo hitzaurreei, nagusiki idazleei enkargatzen zaizkienak eta ez aurkezle profesionalei edo aktoreei; izan ere, literatur kritikak ez diren arren —inolaz ere ez dira, argi gera dadila hori—, ez litzateke gehiegikeria izango animalia-erreinu berekoak direla konstatatzea, behintzat —hainbeste ezen Kritiken Hemerotekak, deskuidoan, halako bat edo beste kooptatu baitu kritika oso gisa, irakurleari iruzurtxoa eginez, nire aburuz—.

Euskal kritika ez da genero literariotzat hartzen. Beste era batean esanda, kritikoak ez dira, salbuespenak salbuespen, maila handiko testu literarioak sortzen saiatzen, eta iruzkinak egitera mugatzen dira. Kritika literarioak fikzioa —fikzio ona— bezain berezia eta interesgarria izaten saiatu beharko luke, ordea: soilik horrela —eta ildo homogeneo eta zintzo bati eutsiz— harrapatu eta fidelizatu ahal izango du irakurlea, kritikara hurbilduko dena ez soilik ematen dion informazioagatik —ez litzatekeena beti positiboa izan behar, logikoki—, baizik eta baita bertatik atera ahal izango duen plazer estetikoagatik ere.

Behin euskal kritika zer EZ den ebatzi ondoren, irudipena neukan epifaniara iritsiko nintzela eta ondorioztatuko nuela, azkenik, zer den, zertan datzan zinez euskal kritika. Baina une horretan amets apokaliptiko horretatik esnatu egin nintzen, autobusa Gasteizko geltokira heltzean, eta ondoriorik gabe geratu nintzen, miserableki. Artikulu honen irakurlea geratuko den bezala, alegia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»

Gorka Arrese

Amaia Ezpeldoi izena du Itxaro Bordaren pertsonaia literario nagusiak. Hiru hamarkada zeharkatu ditu, mende batetik bestera. Nobeleskoa da, detektibea delako; benetakoa dirudi, fikzioaz honago dagoelako.
Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). ©EFE

Itsasoa, itsasoa

Joannes Jauregi

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Mikrotasuna

Nagore Fernandez

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

Mamua galdekatzeaz

Asier Urkiza

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Elkar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.